- Uraren Nazioarteko Egunaren harira, Oria ibaia garbitu berri du Beasaingo Udalak, asteartean, martxoaren 22an, izan zen. Guztira, 635 kilo zabor bildu dituzte Beasaingo garbiketa zerbitzuko langileek: plastikoak, neumatikoak, ontziak, aterkiak, beira eta hodiak jaso dituzte, besteak beste, Oria ibaian barrena.

Batez ere, garbiketa lanak udalerriaren erdigunean egin dira, Zaldizurretako biribilgunetik hasita, Gipuzkoa plazako zubiaren ibai-bidera arte.

Izan ere, aurreko hilabeteetan izandako euriteek ibaiaren emaria asko handitu zuten eta ondorioz hondakin asko mugitu zen Oria ibaiaren eremu horretan. Ura bere onera bueltatzean, hondakin kopuru altu bat ibaiaren arroko landaretzan geratu zen trabatuta, ingurumenari min eginez. Horregatik, Beasaingo Udalak beharrezkoa ikusi du Oria ibaian garbiketa sakona egitea.

Beasaingo Udalak bere helburuen artean du udalerria garbi eta txukun mantentzea, ezinbestekoa baita udal gobernuarentzat herriaren eta herritarren ongizatea. Ibaiko landareriaren mantenua ere bere gain hartzen du Udalak eta honela ingurumena zaindu eta etorkizuneko Beasain eraiki eta babesteko konpromisoari eusten jarraitzen dio.

“Gogorarazi behar da ura oinarrizko bizi-ondasun bat dela, gure mendeko ekosistemak sostenga-tzen dituena eta gure ongizaterako zaindu eta kudeatu behar duguna”, aditzera eman du Beasaingo Udalak. “Ibaiak ur inguruneak dira eta hauen babesa eta kontserbazioak eragin zuzena du gugan”, gehitu du beasaindarrei ibaia garbi mantentzeko eta zaborra zaborrontzietara botatzeko deia eginez.

Leire Artolaren udal gobernuak herritarrak sentsibilizatu nahi ditu ingurumena zaintzeko garrantziaz eta horregatik Beasain txukun mantentzeko garbiketa lanak egiten eta sustatzen jarraituko du.