- Joxe 'Takolo' beka goi mendizaletasuna, abentura, zientzia, esplorazioa eta dibulgazioarekin zerikusia duten proiektuak bultzatzera bideratuko da urtero bezala. Onuradunak 3.000 euroko laguntza jasoko du eta beka eskuratzeko interesatuek hilaren 18ra bitartean aurkez ditzakete proiektuak.

Joxe Urbieta Takolo mendizale azpeitiarraren izena eta izana islatzeko helburuz 2001. urtean sortu zuten Azpeitiko Udalak, Lagun Onak Mendi Bazkunak eta Euskal Herriko Mendi Federazioak.

Egoitz Arruti, Kirol batzordeburuak, Joxe Takolo zenaren izena eta izana goraipatu zituen aurtengo bekaren aurkezpenean. Era berean, 2022ko deialdiaren oinarrietan egokitutako aldaketa azaldu zuen: "Orain artean azken urtebetean federatuta egotea ezinbesteko baldintza zen beka eskuratu ahal izateko baina hemendik aurrera federatuta egotea puntuagarria izango da". Izan ere, "azken urteotan zientzia, ikerketa edo naturari lotutako proiektuak ugaritzen ari dira, eta ez dugu baldintza hori muga izaterik nahi", esan zuen Arrutik berak.

Joxe Takolo beka esleitzeko ardura izango duen batzorde teknikoak aurkeztutako proiektuen originaltasuna, zailtasuna, parte-hartzaileen profila eta jardueraren eta baliabideen finantzaketa "objektiboki" baloratuko ditu.

Bestalde, bekaren antolatzaileek "Joxe Takolo eta beka ezagutarazteko" sortu duten joxetakolobeka.eus web gune berria aurkeztu dute.

Honek hiru atal nagusi ditu: bat "Joxe Urbieta nor zen eta zer egin zuen ezagutarazteko", beste bat "urtez urteko beka deialdiaren berri emateko" eta azkena "2001etik gaur egun arteko proiektuen inguruko informazioa bildu eta zabaltzeko".