- Aitor Eliasen Eta orain zer izeneko lana da Andoain Laburrean laburmetrai lehiaketako aurtengo irabazlea eta bigarren saria jaso du Unai Garciaren Copernicus lanak. Andoaingo Udaleko Euskara Sailak eta ESCIVI-k (Andoaingo Zine eta Bideo Eskola) elkarlanean antolatzen dute lehiaketa hau.
Maider Lainez alkatearen eta Alexander Huitzi euskara zinegotziaren eskutik jaso zuen Aitor Eliasek 500 euroko diru-saria. Epaimahaiak Eliasen lana saritzeko, haren ikuspuntu berritzailea nabarmendu du. Hain zuzen, off-eko ahots batez baliatuz eta kamera orijinaltasunez kokatuta, ikastertxe eta ikasturte berri baten hasierakoan edonork senti ditzakeen bizipenak islatzeari eman diote balioa.
Aurtengo edizioan, zazpigarrena, zazpi ikus-entzunezko bideo labur original jaso dira, Alexander Huitzi zinegotziak azpimarratu bezala “etorkizuna nolakoa izango ote den, denboraren indarrak zein ondorio izango dituen edo familia eta maitasunaren gorabeherak izan dira beste urte batez laburmetraien gai jorratuenak”.
Aurtengo edizioan andoaindarrek ikusleen saria bozkatzeko aukera izan dute. Web bidez, 440 pertsonek parte hartu dute eta Martin Ugalderen zenbait bizipen jasotzen dituen lana hautatu dute. Asier Arrieta eta Ibai Muñoz egileek Basteroko zinemarako bi bazkidetza bono eskuratu dituzte.