- Beasaingo Udalak merkataritzaren alde lan egiten jarraitu nahi du. Merkataritza jardueraren bat lokal huts batean abian jarri edo martxan dagoen negozioa eskualdatu nahi duten pertsonei dirulaguntzak emateko oinarriak onartu ziren Beasaingo udalbatzaren urtarrileko osoko bilkuran, EAJ eta Alderdi Sozialistaren aldeko bozkekin eta EH Bilduren abstentzioarekin. Leire Artolaren gobernu taldeak hirugarren sektorea biziberritzea eta sustatzea helburu ditu.

Honela, hiru dirulaguntza lerro zehaztu ditu Beasaingo Udalak: oraindik martxan dagoen negozioa eskualdatzeko dirulaguntzak; jarduera bat garatzeko dagoeneko hutsik dagoen lokal hutsa aloka-tzeko dirulaguntza; eta jarduera bat garatzeko dagoeneko hutsik dagoen lokal hutsa erosteko dirulaguntzak.

Udalak ezagutzera eman duenez, eskualdatzeko dirulaguntzetan eta hutsik dagoen lokala alokatzeko laguntzetan, lehenengo urtean alokairu gastuaren %50, gehienez ere 300euro hilean lagunduko da. Bigarren eta hirugarren urtean alokairu gastuaren %40, gehienez ere 200 euro hilean. Establezimendua erosiz gero, dirulaguntza Katastroko balioaren %4 izango da, gehienez ere 2.000 euro.

Udalerriko merkataritzaren hizkuntza paisaia euskalduntzeko dirulaguntzen oinarriak aho batez onartu ziren osoko bilkuran. Helburua, gaztelaniaz dauden errotulu nagusiak eta irudi korporatiboko elementuak gutxitzea da, euskarara eraldatuz.