- Joan den azaroan Gaztelekuko paretak apaintzen aritu dira Anoetako gazteak, hain zuzen ere, bizikidetza gaia abiapuntu hartuta murala osatu dute hainbat marrazkirekin. Marrazkien diseinuan Janire Calleja herritarrak lagundu die, eta ekimena elkarlanean antolatu dute Ikertze kultur elkarteak eta Anoetako Udalak.

Iratxe Olano gazteria-suspertzaileak azaldu du proiektuaren erdigunean uneoro egon dela herriko gazteen partehartzea, eta emaitza ona izan dela ere gehitu du: "Hainbat adinetako gazteak elkartzeko eta haien adierazpen artistikoa lantzeko aukera eman digu muralaren proiektuak. Guztira 66 gaztek hartu dute parte proiektuan, eta pozgarria da hori".

Lanari ekin aurretik, parte-har-tze prozesu bat martxan jarri zuten Gaztelekuan bizikidetza gaiaren inguruan zer margotu erabakitzeko; horrela, marrazkietan agertuko ziren irudiak eta horien esanahia aukeratu zituzten denen artean. Adinaren arabera sailkatuta, hamar egunetan aritu dira margotzen gazteak, eta, guztira, 40 ordu inguruan amaitu dute murala.

Jarduera egiteko Eusko Jaurlaritzak 2.800 euro eman dizkio Ikertzeko kultur elkarteari, eta Anoetako udalak beste 1.500 euro jarri ditu proiektua gauzatu ahal izateko.