- Datorren 2022an Pasaiako Udalak sei milioi euro jasoko ditu Luzuriaga fabrika ICOri, jabe nagusiari, erosi eta bertan "herritarrekin batera gauzatu nahi duen proiektu kulturala abian jartzeko".

Mertxe Aizpurua, EH Bilduren bozeramailea Madrilgo Kongresuan, Pasai Antxo bisitatu zuen ostiral arratsaldean Luzuriaga eraikina ezagutzeko eta herritarrei Estatuan lortutako akordioa azaltzeko.

"Hala ere, garbi utzi nahi dugu EH Bilduk eman duen urrats honekin, hau da, lortu dugun akordioarekin, bidea besterik ez dugula hasi. Orain, Pasaiako Udalak lidergoa hartu eta ICOrekin eraikinaren prezioa negoziatu beharko duelako", adierazi zuen diputatuak.

Aizpuruak bere agerraldian gogoratu zuenez, "euskal herritarron bizitzak hobetzera" joan ziren Madrilera; "baita herritarron borrokei ahotsa ematera ere". "Eta Luzuriagako fabrika zaharraren eraikinaren kasuan hori da egin eta lortu duguna", berretsi zuen.

"Pasai Antxon herritarrek zein kolektibo ezberdinek (Historia Mintegiak, Luzuriaga Martxan...) hasitako borroka bati argi izpia eman diogu. Berriro ere Antxoko kaleetan ilusioa piztea lortu dugu", esan zuen.

Azkenik, Aizpuruak hurrengo urratsak azaldu zituen: "EH Bilduren Madrilgo lantealdeak zein Pasaiako lantaldeak gure prestutasun osoa agertu nahi dugu urtarrilaren 1etik aurrera dagokion leku guztietan presioa egiten jarraitzeko salerosketa lehenbailehen gauza dadin. Pasaiak eta zehazkiago, antxotarrek merezi dutelako."