- Hilaren 2an SOS Arrazakeriak eta Harrera Sare Herritarrak ekoitzitako En la calle dokumentala proiektatu eta horren inguruan solasaldia burutu ondoren, Mutrikuko Udaleko Migrazio arloak Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira prestatutako egitarauak datorren ostiralean izango du jarraipena.

Egun horretan, Mutrikuko Kulturartekotasun eta Elkarbizitza taldeak deituta, elkarretaratzea egingo da Goiko Plazan (19.30ean). Bertan, taldeko kideek hitza hartu eta aldarrikapen testu bat irakurriko dute, Mutrikun migratzaileek bizi duten egoera ezagutarazteko.

Azkenik, Gureak ere badira adingabe horiek erakusketa ikusi ahalko da hilaren 13tik 17ra bitartean Zabiel kultur etxean (18.00etatik 20.00etara egongo da irekita). Erakusketa honetan, SOS Arrazakeriak-en eskutik, hainbat gaztek etorkizun hobeago baten bila, Afrika atzean utzi eta Europara iristeko bidean, bizi izan dituzten egoerak ekarriko dira lehen lerrora.