- Igande goizean Buzkantza Eguna ospatu zuten Zumarragako plazan. Bertan bildutakoek Urola eskubaloi taldekoek prestatutako pintxoak jateko eta Jesus Mari Debaren eta Diego Aragonen odolkiak eta buzkantzak erosteko aukera eduki zuten. Urolakoek 700 pintxo inguru saldu zituzten eta bi odolki saltzaileek plazara eramandako odolki eta buzkantza guztiak saldu zituzten. Horretaz gain, artisautza postuak eta idi proba egon ziren. Idi proban Iñaki Irigoras, Egoitz Armaolea, Asier Izagirre eta Iker Zubillagaren idiek parte hartu zuten. Irigorasen idiak nagusitu ziren, Armaolearen eta Izagirreren idien aurretik. Hiru hauen idiak Santa Lutzi eguneko probarako sailkatu ziren.