Síguenos en redes sociales:

Martin Ugalderen jaiotzaren mendeurrena ospatuko dute

Martin Ugalderen jaiotzaren mendeurrena ospatuko dute

- Ehun urte betetzen dira Martin Ugalde idazle, kazetari eta euskaltzalea jaio zela eta ekitaldi andana prestatu dute, besteak beste, ostiralean Basteron zabalduko den Martin Ugalde Orradre, Andoain 1921-Hondarribia 2004 erakusketa eta azaroaren 11n egingo den irakurraldi publikoa Martin Ugalde Kultur parkean.

Alexander Huitzi Euskara zinego-tziak atzo adierazi moduan, "erreferente garrantzitsua izan da eta izango da Ugalde Andoaingo herriaren-tzat eta Udalarentzat, baita euskalgin-tzaren-tzat. Arrasto oparoa utzi zuen gizona, euskaldun nekaezina".

Basteron bisitatu ahal izango den erakusketak bilduko du Martin Ugalderen ibilbidea. Martin Ugalde Kultur Parkeko Joanmari Larrarteren hitzetan, "helburua da Andoaingo kazetari eta idazlearen bizitza eta lan oparoa ezagutzera ematea". Horretarako, lau ataletan banatuta, bere ibilbidea eta bere obra erakutsiko dira, irudi ezberdinen proiekzioa ikusgai egongo da, Ugaldek idatzitako hainbat liburu, beste hainbeste elementurekin batera.

Ekitaldiekin jarraituz, azaroaren 11ko data esanguratsuan -bere jaiotzaren eguna-, bere lanaren irakurketa publikoa egingo da Martin Ugalde Kultur Parkean, 11.00etan. Bertan parte hartuko dute jaiotzaren 100 urteak ospa-tzeko elkarlanean jardun duten erakunde ezberdinek, tartean, Andoaingo Udal ordezkariek eta Andoaingo herriak, bai eta euskalgintzaren ordezkaritza zabal batek ere. Herriko hainbat puntutan pantailak jarriko da eta emisioa zuzenean jarraitu ahal izango da.

Martin Ugalde Ipuin Lehiaketak ere urteurren biribila beteko du aurten, XXV. edizioa, hain zuzen ere, eta aurten sari banaketa ekitaldia idazlearen jaiotzaren egunean bertan egingo da, azaroaren 11n, 19.00etan, Basteron. Txitxu Ruiz Kultura zinegotziak aurreratu moduan, edizio berezi honetan guztira 127 lan aurkeztu dira.

Era berean, eta urteurrenaren harira, Angel Lertxundi idazleak 1997an idatzi zuen Martin Ugalde: leialtasun baten historia glosak liburu osatu egin du, eta Andoaingo Udalak liburua berrargitaratu du. Huitzik aurreratu bezala, liburu berriaren izena Martin Ugalde Mendeurrena: Herriminaren prosak da eta azaroaren 15ean aurkeztuko da, 19.00etan Basteron.

Ugalderi eskainitako omenaldi ekitaldi-sorta azaroaren 17an proiektatuko den Jainkoak ez dit barkatzen filmak osatuko du.

Erakusketa

Izenburua. Martin Ugalde Orradre, Andoain 1921 - Hondarribia 2004.

Lekua. Bastero Kulturgunea.

Datak. Ostiral honetatik abenduaren 4ra.

Ordutegia. Astelehenetik ostiralera, 18.30etik 20.00etara; larunbatetan 10.30etik 13.30era eta 18.00etatik 20.30era. Igande eta astearteak itxita.