- Elhuyar solasaldiak hitzaldi zikloa antolatu dute Usurbilgo Udalak eta Elhuyarrek pandemiak gizartearen hainbat arlotan izan duen eragina gizarteratzeko helburuarekin. Hitzaldiak apirilaren 14tik maiatzaren 12ra izango dira, asteazkenero, Sutegin eta streaming bidez 18.00ean. Solasaldiak doakoak izango dira, baina Sutegira bertara-tzeko aurrez izena eman beharko da, indarrean dauden edukiera mugak direla eta (usurbilkultura.eus).

Covid-19a eta haren eraginak izango dira bost hitzaldietako mintzagai nagusiak, baina ez bakarrak. Zain-tza, pentsamendu kritikoa, ekonomiaren eraikuntza ekologikoa eta adimen artifiziala hizkuntzan jorratuko dira ere.

Hala, lehenengo hitzaldian, apirilaren 14an, Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko kideak Covid-19aren korapiloak deslotzen hitzaldia emango du, pandemiari eta txertoei hainbat ikuspegi eta ertz desberdinetatik begiratuz.

Bigarren hitzorduan, hilaren 21ean, Maite Santxo Castiellok eta Miren Aranguren Etxartek zaintzaren gaiari helduko diote. Batetik, Matia Fundazioa Usurbilgo Udalarekin lan-tzen ari den zaintza ereduaren inguruko hausnarketa aletuko du Santxok, eta Arangurenek, berriz, Beterri-Buruntzaldean zaintzaren inguruan egin den azterketa aurkeztuko du.

Hirugarren solasaldian, apirilaren 28an, Agustin Arrieta Urtizberea EHUko filosofia irakasleak pentsamendu kritikoa izango du hizpide. Egungo gizartearen eraldaketa prozesu azkar eta etengabean jasotzen dugun gehiegizko informazioa aztertzeko pentsamendu kritikoa garatzeko beharraz ariko da. Pentsamendu kritikoak lagunduta, informazio partzialen eta interesatuen inguruan eta ebidentzietan oinarritutako informazioa eraikitzeko premiaz ariko da.

Laugarren saioan, maiatzaren 5ean, covid-19aren ostean ekonomiaren berreraikuntza ekologikoaren aldeko hautu egin beharraz ariko dira Mirene Begiristain Zubillaga ekonomialaria eta Arturo Elosegi Irurtia biologoa. Euskal Herriko 400 zientzialarik baino gehiagok argitaratutako agiriaren sinatzaileak dira Begiristain zein Elosegi.

Azken hitzaldian, maiatzaren 12an, Xabier Arregi Iparragirre EHUko irakasle eta IXA taldeko kideak eta Xabier Saralegi Urizar Elhuyarreko kideak adimen artifiziala hizkun-tzan izango dute hizpide, eta, zehazki, landuko dute nola eman gaiari ikuspegi soziala.