- Zarauzko Udalak, Zurekin Ostalarien Elkartearekin elkarlanean sortu duen kanpaina berrian ondorengo mezuak zabaldu dituzte ostalaritzako bezeroek, eta baita ostalariek ere, indarrean dauden segurtasun neurrien inguruan sentsibilizatzeko: "Gertutasuna ez du distantziak baldintzatzen. Metro eta erdira zure begiek asko esaten dute", "Txikitatik esaten digute eskuak garbitzeko. Ez ditzagun ohitura onak galdu", "Ezpainak ikusten ez diren honetan, eman diezaiogun kolorea musukoari". Hala, Zarautz kolorez bete dezagun lemapean, gaurtik hasi eta ekainaren 12ra bitartean, hezitzaile talde bat ibiliko da herriko kaleetan bezeroei segurtasun neurriak errespetatu behar direla gogorarazten. Lau ibilbide desberdin beteko dituzte herriko ostalaritza guneetara iristeko intentzioarekin: Alde Zaharra, Malekoia, Azken Portu, Aritzbatalde eta San Pelaio barrena ibiliko dira.

Kanpaina honen beste betebeharretako bat musukoa kontsumitzerako unean bakarrik kendu behar dela gogoraraztea da. Zentzu honetan, kontzientziazio lan hau egiteko, hezi-tzaileek koloretako musukoak banatuko dituzte, bezeroei ikusarazteko bakoitzaren erantzukizuna dela norbanakoaren, eta euren inguruko pertsonen osasuna zain-tzea.

Osagarri gisa, halaber, hainbat mezu daramaten kartelak ezarriko dira tabernetan eta hainbat bideo labur zabalduko dira sare sozialen bidez.

"Guztiok neurri hauek errespeta-tzen baditugu guk lanean jarrai-tzeko aukera izango dugu eta herritarrek gure zerbitzuaz gozatzeko aukera izaten jarraituko dute" azaldu zuen Julen Olazabal, Zurekin Ostalarien Elkarteko kideak, atzoko aurkezpenean.

Zentzu honetan, Zarauzko ostalariek egin duten lana goraipatu nahi izan zuen Ixidor Larrañagak, Ostalaritza zinegotziak. Izan ere azken olatuan Zarautz ez da iritsi establezimenduak ixtera.