- Irungo Udaleko Kirol arloak jakinarazi duenez, Azken Portu eta Artaleku kiroldegiek 2021eko bigarren hiruhilekoko ikastaroen eskaintza berria egin dute, egungo egoerara egokituta, aurreko programekin gertatu zen bezala. Aretoko ikastaroen programa honek 103 ikastaro aurreikusten ditu (49 Artalekun eta 54 Azken Portun), eta 1.236 plaza eskainiko ditu guztira (632 Artalekun eta 604 Azken Portun). Programak egiten dituen proposamenak eta ariketa motak ez dira oso desberdinak. Hainbat eta hainbat ikastaro izango dira: zumba, tonifikazioa, aerobic, pilates, bizkar osasuntsua, wellness, cycling, yoga, etab. Izena emateko fasea zuzenean hasiko da datorren astelehenetik aurrera (martxoak 15) abonatuentzat eta, tokirik geratzen bada betiere, 22tik aurrera abonatuak ez direnentzat. Izena Irun Txartela erabiliz eman beharko da, irun.org/sac helbide elektronikoan, eta tokiak izen-emateen ordenaren arabera banatuko dira.