- Erakusketa, zinea, haur tailerra, musika eta elkarretaratzea ekitaldi desberdinak antolatu ditu datozen egunetarako Urnietako Udalak Martxoaren 8an Emakumeen Nazioarteko Egunean.

Izan ere, martxoaren 18ra arte Iñaki Vergararen Emakumeak kirolari argazki erakusketa ikusgai dago Lekaio kultur etxean 8.00etatik 20.00etara. Erakusketa honek agerian uzten du, beste esparru batzuetan gertatzen den bezala, emakumeen kirolak bizi duen desberdintasuna.

Bihar, 19.00etan Sarobe arte eszenikoen gunean, Erlauntza pelikula euskaraz proiektatuko da. Sarrerak salgai daude Sarobeko bulegoan eta online, www.bibe.me webgunean, lau euroren truke.

Larunbat goizean, 11.30ean Lekaion, Mafalda izeneko tailerra gidatuko du Ainara Azpiazu Axpi ilustratzaileak hamar eta hamalau urte bitarteko gaztetxoentzat. Ekintza doakoa da, baina aforo mugarengatik izena aurrez eman beharko da Lekaio kultur etxean edo online www.urnieta.eus webgunean. Izena emateko bihar da azken eguna.

Igandean, Incorrectas musika dramatizatuko kontzertua eskainiko du Demode Quartet taldeko Joli Pascualenak beste musikari batzuekin. Emanaldia Saroben izango da 19.00etan eta sarrerak bost euro balio du (Saroben eta bibe.me plataforman). Emakume abeslari ospetsuen kantak eta bizitza gogoraziko dituzte.

Azkenik, martxoaren 8an, 19.00etan San Joan plazan, elkarretaratzea burutuko da.