Síguenos en redes sociales:

"Neurri eta pizgarri gehigarriak" hartzeko prest daude Lazkaon

"Neurri eta pizgarri gehigarriak" hartzeko prest daude Lazkaon

-2021 urterako Lazkaoko Udalak prestatu duen merkataritza, zerbitzuak eta ostalaritza suspertu eta sustatzeko plangintza ezagutzera eman da. Aurrekaria badu, izan ere, covid-19aren pandemiaren harira, iazko maiatzean abiatu zuten Suspertze Plana eta hau plan horren “eboluzioa” dela nabarmendu dute. Plangintza urtarrileko Ekonomia batzordean aurkeztu zen eta herriko ostalari eta merkatariekin partekatua izan da.

Kepa Zubiarrain alkateak hala agertu ditu lan lerro honek ildo nagusiak: “Egoeraren zailtasunaz kontziente gara, eta badakigu neurri hauek ez dutela batzuen egoera erabat asebeteko. Baina, Udalaren eskumen eta baliabideen barnean, neurri oso garrantzitsuak dira. 2020an 250.000 euro baino gehiago mugiarazi ziren abian jarritako Suspertze Planean. Aurten, 300.000 euroko aurreikuspena dugu egina uneko egoerarekin”.

Hala, Udaletik beharra ikusiko balute, “neurri eta pizgarri gehigarriak” hartzeko prest daudela adierazi du. “Herriko ehun ekonomikoaren babesa, gizarte ongizatearekin batera, oinarrizko lehentasuna da Udalarentzat”.

Sei puntu ditu osatutako planak, datozen hilabeteetan zehar garatuko direnak: ehun industriala babestu eta sustatzea, covid-19aren aurrean osasun neurriak betetzeak sortutako gastuetan laguntzeko dirulagun-tzak jarraipena izatea, terrazen azaleraren muga handitzeko erabakiarekin segitzea, ostalaritzako tasetan hobariak, negozio berrien irekiera laguntza indartzea eta kontsumoa sustatzeko kanpainak egitea.

Horiei gehitu behar zaie orain arte egindakoak, besteak beste, herriko ekoizleen gida argitaratu da, eta birusaren ondoriozko egoera berrira moldatu eta jarduerak berrasma-tzeko inbertsioak ere diruz lagundu dira 2020 ekitaldian.