Atzo Errenteriako Udalak herriko lehen sektorearekin gauzatu den kanpaina berri bat aurkeztu zuen, Errenteriako Uzta lelopean. Guztira hamalau baserritarrek parte hartu dute. Hiru helburu nagusi ditu: Errenteriako baserritarren lana balioan jartzea, udalerrian ekoizten diren produktuak ezagut zera ematea eta herritarrek ekoizleengana hurbiltzeko aukera izan dezaten erraztea.

Egitasmoaren baitan, euskarri desberdinak sortu dira helburu hauek aurrera eraman ahal izateko, besteak beste, kanpainaren kartela, ekoizle bakoitzaren informazioa biltzen duen euskarri digitala eta bideoa. Honez gain, bizi.errenteria.eus atarian atal propioa sortu dute Errenteriako ekoizleen informazioarekin.

Kanpainaren irudiak ekoizleen errealitate anitza kontuan hartu nahi izan ditu, bertako produktuak daudela ezagutzera eman, horien aldeko kontzientzia eta joera sor-tzeko. Leloari dagokionez, “uzta” hi-tzak, lehenengo sektorearekin lotutakoa izanik, lanaren eta egindako esfortzuaren emaitza eta fruitua iradokitzen ditu. Eta gaztelaniaz (De Errenteria, naturalmente), berriz, naturalmente adberbioak, berrespen moduan, naturaltasunez, normaltasunez iradokitzeaz gain, naturala, naturatik eratorria denaren ezaugarria azpimarratu nahi du.

Landutako euskarrietan Errenteriako ekoizleak dira protagonista. Modu honetan, Bizi Errenteria egitasmoaren ildo nagusiari jarraipena eman nahi izan zaio, izan ere, proiektuak pertsonak nabarmendu nahi izan ditu martxan jarri dituen kanpaina guztietan: herria pertsonek egiten dutelako; negozio, denda, taberna, jatetxe edota bertako produktuen ekoizpen guztien atzean pertsonak daudelako.

Azkenik, COVID-19a dela eta, hainbat ekoizleren salmenta bideak eten egin direnez, Udalak martxan jarri duen kanpaina honek herriko ekoizleak eta herritarrak harremanetan jarri nahi izan ditu. Zubi-lana egin ahal izateko sortutako euskarrietan harremanetarako datuak topatuko dituzte herritarrek.

Udaletik gogorazi dutenez, hiru helburu nagusirekin jarri zuen abian Errenteriako Udalak Bizi Errenteria egitasmoa: Errenteriako biztanleek bertako aukerak hobetsiz tokiko ekonomia-eredua balioestea, ekonomia zirkularra indarrean jartzea eta errenteriarren arteko erlazioak sendotzea. Bide honetan sektore desberdinekin lan ildo anitzak martxan jarri dira, azkenekoa baserritarrena. Egitasmo hau, Errenteriako Udalak apirilean onartu zuen COVID-19aren eragina arintzeko Talka eta Suspertze planaren barruan dago.

Parte hartu duten Errenteriako hamalau ekoizleak hurrengoak dira: Labaka Tomateak, Lurraren Orena, Isturitzaga Bekoa, Egi-Luze sagardotegia, Landarbaso Mintegiak eta Aparola, Aparola Zarra, Larreaundi, Usaskue, Barin, Basasoro baserria, Bordazar, Bordondo eta Eguzki Borda baserriak.