- Azpeitiko Udalak Karmelo Etxegarai Ikastolaren Perdillegi kaleko eraikinaren irisgarritasuna hobetzeko obren lehiaketa publikoa abian jarri du eta lan horiek egiteko interesa duten enpresek hilaren 13ra arte aurkez ditzakete beren proposamenak udaletxean.

Udaletik jakinarazi dutenez, lehiaketa publikoa "Karmelo Etxegarai Ikastolarekin Perdillegi kaleko eraikinerako irisgarritasuna hobetzeko lanak adostu ondoren" jarri da martxan.

Obra horren bidez "gaur egungo sarrera nagusiko eskailerak eraitsiko dira eta hiru aukera eskainiko dira sartzeko: bi oinezkoentzat eta beste bat ibilgailuentzat". Irisgarritasuna bermatzeko "oinezkoentzat eskailera eta arranpa egingo dira". Era berean, enkantera ateratako proiektuan "sarreran autobusaren zain egoteko estalpe bat ere egitea" aurrikusten da.

Udalak lizitatutako lanek 80.428 euroko aurrekontua dute eta proiektu proposamenak hilaren 13ra arte aurkez daitezke.