- Donostiako hondartzetako sorosleak gaur bertan hasiko dira lanean. Berez, hondartzen denboraldia ofizialki uztailaren 1ean abiatuko da (Gipuzkoa osoan hala adostu ondoren), baina hori baino lehen dagoeneko gaurtik aurrera hainbat zerbitzu eskainiko dituzte Donostian. Sorospena bat da, baina dutxak ere, adibidez, jarrita daude Kontxan, Ondarretan eta Zurriolan.

Sorosleak BPXport enpresak kudeatuko ditu, iazko kontratua luzatu ondoren. Berez, aurten lehiaketa berria antolatu behar zuen Udalak, baina koronabirusarengatik epeak eten ziren eta, gainera, aurtengo denboraldiak ezaugarri bereziak izango dituela ikusita, abian zen lehiaketa indargabetu behar izan zuten. Berria abiatzeko astirik gabe, iazko kontratua luzatu dute BPXport enpresarekin zerbitzua garaiz eskaini ahal izateko.

Guztira 24 soroslek zainduko dituzte hondartzak gaurtik irailaren 15era, 10.00etatik 20.00etara. Aurreko urteotan bezala, aurten ere laguntza behar dutenei bainatzeko aukera emango diete. Zerbitzu hori Kontxan eskainiko dute hiru monitorek, aulki anfibioarekin, 11.00etatik 19.30era, baina aldez aurretik hitzordua eskatu beharko da (sorospen-postura hurbilduta eska daiteke ordua). Segurtasun-neurri bereziak izango dituzte: monitoreek eta erabiltzaileek maskara jarri beharko dute, eta erabili eta botatzeko eskularruak ere bai. Erabilera bakoitzaren ondoren, aulkia desinfektatu egingo dute.

Dutxak ere martxan jarriko dituzte gaur bertan: normalean lau txorrota izaten zituzten eta aurten bi bakarrik dauzkate, erabiltzaileen arteko distantziak bermatzeko. Zehazki, Zurriolan zazpi dutxa jarri dituzte hondarrean (beste lau horma-dutxa ere badaude), Kontxan sei (hormetan beste sei daude) eta Ondarretan ere sei izango dira.

Hondartzetarako sarbideetan ohiko garbigailuak ere jarri dituzte, oinak garbitzeko. Guztiak irekiko dituzte, baina erdiko iturria itxita, hemen ere distantziak mantendu ahal izateko.

Bestalde, eta erabiltzaile kopurua handitzen joango denez hemendik aurrera, garbitzeko lanak ere areagotu egingo dituzte gaurtik iraileran 15era arte: hondarra bahetu, hondakinak jaso, paperontziak hustu eta, pandemiaren ondorioz, desinfektatu ere egingo dituzte.

Berez hondartza-denboraldia uztailaren 1ean hasiko da eta hortik aurrera beste zerbitzu batzuk ere eskainiko ditu Udalak, baina ohikoak diren beste hainbat aurten bertan behera utzi behar izan dituzte pandemiaren ondorioz. Toldorik ez da izango, ezta gabarroirik ere. Ondarretan eta Zurriolan ikastaroak emateko jartzen zituzten igerilekuak ere ez dituzte jarriko.

Gainera, itsasgoran Kontxa itxita egongo da, azken asteotan bezala, eta lau orduz (itsasgora baino bi ordu lehenago itxi eta bi ordu beranduago zabaldu) ezingo da bertan sartu, hondartzaren eremua murriztean batzuen eta besteen artean distantzia mantentzea ezinezkoa baita.

Hiru hondartzetan edukiera neurtzeko aplikazio bat ere erabiliko dute eta mugikorretan eta webgunean ikusi ahal izango da beteta dauden edo ez. Hondartzetan koloretako banderekin jakinaraziko dute sartzeko lekurik badagoen. Gehienezko edukiera errespetatzen dela ziurtatzeko eta hondartzak beteta daudenean sarrera gehiago debekatzeko, toldozainak kontratatuko ditu Udalak, sarbideetan egon daitezen eta udaltzainei lagun diezaieten.

Guztira 24 soroslek zainduko dituzte hiru hondartzak gaurtik irailaren 15era arte, 10.00etatik 20.00etara