Síguenos en redes sociales:

Azpeitiko Arropa Bankua martxan da berriro ere

Banaketak hilaren 18an hasiko dira eta arropa jasotzeko beharra dutenek Elkar-ekin jar daitezke harremanetan

- Elkar-ekin herri plataformak Uztarria.eus web gunearen bitartez jakinarazi duenez, bi hilabeteko geldialdiaren ondoren, Elkargunean kokatuta dagoen Arropa Bankua datorren astelehenean hasiko da, berriro ere, zerbitzua ematen.

Taldekoek azaldutakoari eutsiz, "Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailarekin elkarlanean egingo dugu oraingoan ere arropa banaketa, eta pobrezia egoeran dauden herriko lagunen zerrenda erabiliko dugu horretarako".

Hori dela eta, Udala arduratuko da pertsona horiei banan-banan dei-tzeaz eta hitzorduak emateaz. Elkar-ekinen zeregina, berriz, "pertsona horiekin aurrez aurre egotea eta dagokien arropa ematea" izango da: "Jendearen anonimotasuna arretaz zainduko dugu oraingoan ere; beharra duten pertsona horiek ahalik eta erosoen sentiarazten saiatuko gara", azaldu dute taldetik.

Edonola ere, Arropa Bankuaren datozen banaketak hilaren 18an hasiko dira eta "erabiltzaileei jakinaraziko zaizkie banaketa egun eta ordu zehatzak".

Arropa jasotzeko beharra duten herritarrek Elkar-ekin plataformak egokitutako 644 961 606 telefono zenbakira dei dezakete, bere egoeraren berri eman edota egoki ikusten duten informazioa jasotzeko.

Azpeitiko Arropa Bankuaren helburua "herriko jendeak donazio gisa bertara eramandako arropa beharrik handiena duten lagunen artean banatzea" da. Bolondresek arropa jaso, garbitu eta ordenatu egiten dute, bazterketa egoeran daudenen artean banatzeko. Elkargunea datozen asteetan irekiko dute berriro, eta orain arte bezala, arropa bertan uzteko aukera izango dute azpeitiarrek.