- Hilabeteak zeramatzan zita hau prestatzen Errenteriako XXXII. Sagardo Egunaren antolaketa taldeak, baina aste honetan koronabirusaren osasun krisiaren ondorioz ezingo dutela ospatu onartu dute eta bertan behera utzi dute.

Aditzera eman dutenez, aurten berrikuntza ugari zituzten aurreikusiak apirilaren 25erako, eta horretan ari zinen buru-belarri. Gainera inoiz baino sagardogile gehiagok emana zuten bertaratzeko hitza. "Aukera paregabea eskaini nahi genion Orereta-Errenteria herriari sagarraren zuku paregabea dasta-tzeko, baita egun alaitsu, dinamiko, euskaldun, parte-hartzaile, bizia, parekide eta prestua bizitzeko ere", azaldu dute antolatzaileek.

Hala ere, antolakuntzako kideak bere artean harremanetan jarrai-tzen dutela baieztatu dute: "Izan ere, egingo dugu Sagardo Eguna. Bizi-tzen ari garen honek guztiak buelta ematen duenean, ekingo diogu, berriro ere, herri honek merezi duen egun paregabeari".

Bien bitartean, eskerrak eman dizkiete herritar norbanakoei, elkarte gastronomikoko kideei, euskaltzaleei, sagardozaleei, sagardogileei, bakailao tortilla egileei, irrintzilariei, aurkezleari, banatzaileei, sagardo zerbitzariei, sukaldariei, guztia jaso-tzen aritzen direnei eta aldez aurretik herria atontzen dutenei: "Zure esfortzu nekaezinari esker, mantentzen duzu eta dugu herri hau bizirik. Horregatik guztiagatik, herrigintzak, kulturgintzak, hizkuntza maiteak, elkarbizitzak, Euskal Herriko sagardoak, elkarteek, eragileek eskerrak eman nahi dizkizu", azpimarratu dute. "Izan ere, mugimenduan dagoen herria inoiz ez da hilko", baieztatu dute. Eta Sagardo Eguna Errenteriako egunik bikainenetarikoa dela esan dute.