urretxu - Bilboko Loraldia kultur elkarteak Iparragirre. Bihotzeko Jose Mari kontzertu eszenikoa prestatu du. Aurre estreinaldia Urretxun izango da: asteartean, 20.00etan, Labeaga aretoan. Sarrerak 19.00etan jarriko dira salgai, 5 euroan. Estreinaldia asteazkenean izango da, Bilboko Arriaga antzokian. Estreinaldi hau Loraldia jaialdiaren seigarren edizioko lehen ekitaldia izango da.

Ikuskizun hau Tanttaka antzerki taldearen, Demode Quartet musika laukotearen eta Loraldia kultur elkartearen lankidetzaren eskutik sortu da. Tanttaka zuzendaritza artistikoaz arduratu da, Demode Quartet musikaz eta Loraldia ekoizpenaz eta komunikazioaz.

Eusko Jaurlaritzaren eta Urretxuko Udalaren laguntza jaso dute. Udala ekoizpen laguntzailea izan da eta ikuskizuna Iparragirre 2020 programan txertatu du.

Iparragirreren kantak ikuskizunaren ardatzetako bat izango dira. Urretxuko olerkariaren abestien moldaketa garaikidea egin dute.

Antzezlanari dagokionez, Iparragirreren bizitzan nabarmendu ziren emakumeak izango dira protagonistak: ama, emaztea, Parisen ezagutu zuen sopranoa, Manuela, alabak... Emakume hauek guztiek Iparragirreren bizipenak ekarriko dituzte gogora eta euren begirada eskainiko dute. XIX. mendeko gizartea (gerra karlistak, emigrazioa, euskaltasuna...) ezagutzeko aukera egongo da, Iparragirreren bizitzako pasarteen eskutik.

Emakumeek Iparragirreri bidalitako eskutitzek osatuko dute aktoreen testua. Fikziozko eskutitzak dira eta testu guztien artean Urretxuko olerkariaren bizitzako puzzlea osatuko dute.

Hiru emakume arituko dira aktore eta kantari lanetan:? Joli Paskualena, Ainara Ortega eta Ane Gabarain. Iparragirreren rola, berriz, Angel Unzu gitarra-jotzaileak beteko du. Aktoreek Iparragirreri bidalitako gutunak antzeztuko dituzte eta bere kantak abestuko dituzte. Unzuk musika jarriko dio ikuskizunari, zuzen-zuzenean. Denek Fernando Bernuesen zuzendaritza artistikoaren gidaritzapean lan egin dute. Eskutitzak, berriz, Aizpea Goenagak, Arantxa Iturbek eta Iñigo Legorburuk idatzi dituzte. Abiapuntua Legorbururen Ameriketatik eskutitz saritua izan da.

Arriagan Ikuskizuna Bilboko Arriaga antzokian aurkeztu zuten. Ekitaldian Paskualenak, Bernuesek, Amaia Ocerin Loraldiako komunikazio arduradunak eta Maialen Fidalgo Urretxuko zinegotziak eta Iparragirre 2020 egitasmoko koordinatzaileak parte hartu zuten. Iparragirre 2020 egitasmoa musikariaren jaiotzaren 200. urteurrena ospatzeko sortu da.

Astelehenean Euskal Herria Kantuz eta Lekaio elkarteek Iparragirre 2020 programako beste ekitaldi bat aurkeztuko dute: Iparragirre kale-antzerkia kantuz. Ekitaldi hau irailean izango da eta herritar guztiek parte hartzea nahi dute. Aurkezpena Urretxuko udaletxeko atarian izango da, 19:00etan.

Iparragirre kale-antzerkia kantuz ekitaldiaren helburua Urretxuko seme kuttunaren kantak abestea eta Euskal Herriko historiaren zati bat gogora ekartzea da. Horretarako, herritarrak XIX. mendeko urretxuarrak bezala jantziko dira eta beraien ofizioak antzeztuko dituzte. Asteleheneko aurkezpenera joaterik ez dutenek, iparragirrekantuz@gmail.com helbide elektronikora idatzi dezakete edo 669 546 357 telefono zenbakira deitu, antolatzaileekin harremanetan jartzeko.

Bi hauek ez dira Iparragirre 2020 egitarauko antzezpen bakarrak izango. Martxoaren 20an, 20.00etan, Angela, Iparragirreren bertso librea lana estreinatuko dute Labeaga aretoan. Aktoreak Asier Hormaza, Sol Maguna, Iñigo Gastesi eta Amorante dira.

Bestalde, gaur, 19.00etan, Iparragirre sariak banatuko dira Urretxuko udaletxean. Bertsopaper lehiaketara hiru lan aurkeztu dira, guztiak 16 urtetik gorakoen mailara. Saria Iñigo Legorburu hernaniarrak irabazi du, Kerejeta'tar Anjelitaren itzian lanarekin. Euskarazko narratiba atalari dagokionez, 16 lan aurkeztu dira. Saria Ane Odriozola legazpiarrak irabazi du, Gauero hirekin egingo diat amets lanarekin. Erdarazko narratiba atalari dagokionez, 136 lan aurkeztu dira. Saria Jose Antonio Palomares madrildarrak irabazi du, El mas hermoso cuadro de Vermeer lanarekin.

Euskarazko poesia lehiaketa Ainhoa Andueza iruindarrak irabazi du, Saihetsen itsaslabarrak lanarekin. Bederatzi lan aurkeztu dira. Bukatzeko, erdarazko poesia lehiaketa Rafael Bravo debarrak irabazi du, La sombra del aire lanarekin.