donostia - Maiatzean izango da Donostiko oztopo lasterketaren lehenengo edizioa, Denontzat Race Donostiak antolatuta. Azkenaldian gero eta lehiakide gehiago erakartzen dituzte horrelako probek eta, orain arte, Gipuzkoako hiriburuan ez zegoen horrelakorik. Hala, Bera Bera Errugbi taldearen eskutik, eta Denontzat Hernani eta Denontzat Irun gimnasioen laguntzarekin, ekin diote lehen edizio hau antolatzeari.
OCR (Obstacle Course Racing) lasterketa denez, hamar kilometroko ibilbidean zehar gainditu beharreko hainbat oztopo topatuko dituzte parte-hartzaileek ibilbidean: hasieran hesiak eta hormak jartzen zituzten batez ere, baina azkenaldian horrelako lehiaketak ugaritzen ari dira eta oztopo mota eta kopurua ere bai. Spartan Race, Bestial Race eta Farinato Race dira OCR ezagunenak, baina hainbat kategoria badaude eta zailtasun maila ez da bera guztietan.
Denontzat Race Donostian ere bi kategoria egongo dira parte hartzeko. Alde batetik, lehiakorra: topera joan nahi dutenentzat. Banaka edo kuadrillan parte hartzeko aukera izango dute eta senior, junior eta master mailetan sailkapenak egingo dituzte. Dena den, kategoria herrikoia ere egongo da, modu lasaiagoan eta ondo pasatzeko asmoz parte hartu nahi dutenentzat.
Guztira 25 oztopo izango dituzte aurrez aurre, indarrezkoak batzuk, trebetasunezkoak besteak, uretan bustitzekoak, erresistentziakoak, herri kirolak€
Lehen edizio honetan 1.000 korrikalari lortu nahi dituzte. Hitzordua, maiatzaren 16an, 15.30ean egingo dute Saguesen, bertan jarriko baitute irteera eta helmuga. Taldeka abiatuko dira lehiakideak hamar minuturo eta, guztira, 3,5 orduko iraupena izango duela aurreikusi dute antolatzaileek. Saguesetik, Zurriola hondartzarantz abiatuko dira, Paseo Berrira, Urgullera, portura eta Kontxara, berriro ere irteera lekura bueltatu baino lehen.
Aurten, gainera, Euskadiko I. OCR Txapelketa egingo dute eta horretarako baliagarri izango da Denontzat Race Donostia. Bizkaia, Araba eta Nafarroan ere proba bana antolatuko dituzte.