Villabona - Kilometroak Txiki jaia ospatuko da bihar eskualdea girotzen hasteko. Goizean izango da festa eta egitarau zabala prestatu dute.

Hiru gunetan, Amasan, Villabonan eta Zizurkilen, elkartuko dira parte hartzaileak, 10.30an, eta talde bana osatuko dute. Musika lagun dutela, Altxorraren bila jolasa egingo dute Zizurkilgo Joxe Arregi plazarako bidean, eta jolas horren bidez aurkitutako altxorrak elkartuz irudi bat osatuko dute guztiek, elkarrekin auzolanean, Zizurkilen egingo den ekitaldian, 11.00etan. Bideetan, ordea, arrastoa utzi nahi dute, eta hiru taldeek horma-irudi bana inauguratuko dute ibilbidean, urriko jaiaren iragarle.

Ondoren, musikariekin eta buruhandi eta erraldoiekin batera, Villabonako Errebote plazara hurbilduko dira, 12.00etan, eta bertan izango da topaketa. Aiton-amonen jolas tradizionalak transmititzeko helburuarekin, plazan jolasean ibiliko dira, ume, gazte, heldu, guztiak elkarrekin. Musika eta pintxoak ere izango dira.

Ekimen hau osatzeko, Kilometroak 20 jaiaren lepoko zapiak jarri dira salgai, 3 euroan. Kilometroak dendan eskuratu daitezke. Bihar lepokoak jantzita ibiliko dira eta ondoren etxeko leiho eta balkoietan zintzilikatuko dituzte. - M.S.S.