Errenteria - Etxeko konposta edo auzokonposta egiten duten 158 familia daude Errenteriako Udalaren konpostaje-programan izena emanda. Zehazki, 102 familia dira Udalaren etxeko konpostaren datu-basean barneratuta daudenak eta beste 56 familia auzokonposta guneetan tratatzen dute beraien hondakin organikoa. Gainera, Uztargi haur eskolako konposta puntuan Alabergan kokatutako eskola honetako sukaldean sortutako biohondakinak kudeatzen dira.

Udaletik jakinarazi dutenez, familia horiei guztiei esker, "etxean sortutako janari-hondarrak kaleko edukiontzi marroira bota eta hondakin horiek sorlekutik urrun kudeatu ordez, Errenterian bertan kudeatzen dira, hondakinen kudeaketaren lehentasunezko irizpideekin bat etorriz eta hondakinen tratamenduarekin zerikusia duten garraioari lotutako Berotegi Efektuko Gasen isurpena ekidinez". Kalkuluen arabera, familia hauek iaz 43 tona pasatxo hondakin organiko kudeatu zituzten.

Gauzak horrela, Udalak duela bost urte abiarazi zuen Errenteriako konpostajearen udal programa, konpostajea biohondakinen kudeaketarako sistema moduan bultza-tzeko. Horrela, programarekin bat egiten duten herritarrek, zaborraren udal tasan %35eko hobaria dute urtero eta euren konpostagailuen jarraipen bisitak jasotzen dituzte (auzokonpostaren kasuan, hilero). Honela, iaz landa eremuko eta industria guneetan 93 familiei egin zitzaizkien jarraipen bisitak. Jarraipen bisita horiei esker zalantzak argitu, gomendioak eman, eta konpostaje prozesuan garrantzia duten zenbait parametro neurtzen dira (hala nola tenperatura, PHa, hezetasun-maila, e.a.).

izen-ematea Nahiz eta datu onak izan, Errenteriako Udalak hobetu daitezkeela uste du eta horregatik, konposta egiten ez duten eta parte hartzeko interesa duten herritarrak animatu nahi ditu. Udaletxeko herritarren arretarako bulegora joan daitezke eta izen-emate orria osatu. Edonola ere, udal programa honetan interesa duten herritarrek Errenteriako Udalak kontratatutako enpresarekin harremanetan jar daitezke 628 532 303 telefonora deituz (astelehenetik ostiralera).