hondarribia - Hiru dira Maria Serrano zinegotziak kudeatzen dituen udal arloak. Lehenengoa, Ekonomia, Merkataritza eta Turismo Sustapen departamentuak 1.438.553 euroko aurrekontua du 2020rako. Zinegotziak azaldu zuenez, diru kopuru horrekin lau helburu nagusi betetzea lortu nahi da: turismo jasangarriaren aldeko apustua egin; hiriko merkataritza eta zerbitzuei babesa eman; ekintzailetza, berrikuntza eta prestakuntza sustatu eta ekonomia hazkundea eta enplegua areagotu.
Departamentuak martxan jarriko dituen proiektuen artean, Turismoko Plan estrategiko berria, Puntalean dagoen bigarren enpresa gunea martxan jartzea eta Hondarribia Abian programa aipatu zituen Serranok.
Euskara arloari dagokionez, bi helburu nagusi ditu, Serranoren hitzetan, "hizkuntzaren erabilera sustatzea eta bere ezagutza hobe-tzea. "Euskararen Sustatze Plana eta Euskararen Erabilera Plana abian ditugu eta horiek gauzatzeko 232.848 euroko partida dugu", jarraitu zuen zinegotziak.
Gainera, Euskaraldiaren bigarren edizioa aurten ospatuko dela aurreikusiz, gizarte eragileak eta herritarrak mobilizatu nahi ditu udalak ekimenaren inguruan. Horretarako, Udalak dinamizatzaile bat kontratatuko du eta hainbat ekintza aurrera eramango dira Euskaraldiari indarra emateko.
Serranok kudeatzen dituen hiru arloetako azkenak, Gazteria eta Prebentzio Komunitarioko departamentuak, 730.157 euroko aurrekontua izango du aurten, "baino kopurua asko handituko da joan den urteko aurrekontuaren likidazioaren harira aurrera aterako den kreditu aldaketa onartzen denean, Sainduako Gaztelekua eraberritzeko proiektua edo obrak esleitzera aterako dira eta".
Departamentu honen helburu nagusiak gazteei zuzenduriko zerbitzu eta eduki egokiak bermatzea, aisialdirako jarduera eta ekimenak eskaintzea eta gaztetxoen artean bizimodu osasungarrien aldeko lanketa egitea dira. - J.G.