Síguenos en redes sociales:

"Demokratizatu egin nahi dugu balleta, eta euskaraz ikasi daitekeela erakutsi"

Balleta beti izan da ardatza Ixone Zurutuza ordiziarraren bizitzan. Urte askotan ikasi ondoren, irakasle lanetan ibiltzen da gaur egun, formazioarekin jarraitzen duen bitartean. Esku artean, proiektu berri bat ere abiatu berri du.

ordizia Txikitan oin zapalak zituela esan zioten, eta dantza egiteko. Ordutik, balletak betidanik izan du lekua Ixone Zurutuza ordiziarraren bizitzan; ikasi eta erakutsi egiten baitu. Orain gutxi, Tutua Dotore izeneko egitasmoa abiatu du lagun batekin batera, kirol hau "edonoren-tzako" onuragarria dela erakutsiz.

Zer da balleta zuretzako?

- Bizitzeko modu bat dela esan dezaket. Niri behintzat, guztia eman dit. Azkenean, kirol honetan ikasten duzuna zure bizitzako beste alor guztietara aplikatu dezakezu, eta ikasten duzu praktika eta konstantea izatea beharrezkoa dela.

Zu txikitan hasi zinen balletean. Komeni da gaztetan hastea?

- Ez du zertan. Egia da ni hala hasi nintzela, baina ikusi izan dut jendea hamabi urte ingururekin hasi dena eta izugarrizko maila lortu duena. Munduko ballet dantzari onenetako bat ere hamabi bat urterekin hasi zen, pentsa! Baina uste dut jendea harritu egingo zela, izan ere, mugimenduak nola egin behar diren ikasten duzunean ikusten duzu nola ateratzen zaizkizun gauzak, ez dela hasiera batean eman dezakeen bezain zaila.

Zein izan da zure ibilbidea?

- Esan bezala, txikitan hasi nintzen. Oin zapalak nituela esan zidan medikuak eta hiruzpalau urterekin hasi nintzen Beasainen Kontxi Aranburuk ireki zuen akademian. 18 urtera arte ikasi nuen, eta, ondoren, geldialdi bat egin nuen. Familia izan ondoren, nire alaba balletera apuntatu nuen eta ni ere hala hasi nin-tzen berriz. Orduan ikastaro guztietan apuntatu nintzen eta maila polita eskuratu nuen. Egun, Pasaiara joaten naiz Iker Murillok duen Estudio 21 zentrora, eta Murillorekin batera Vitaly Sankromkine ditut irakasle. Klasikoa eta kontenporaneoan murgilduta nabil gaur gaurkoz, eta Goierriko hainbat lekutan balleta erakusten dut.

Horrez gain, beste proiektu bat ere abiatu duzu. Zertan datza?

- Nire lagun Miren Sukiarekin batera lantzen ari naizen egitasmoa da. www.ixonezurutuza.com webgunea sortu dugu eta gure proiektuak Tutua Dotore du izena. Sukia heldutan hasi da balletean, eta hizketan ari ginela ohartu ginen euskaraz ez zegoela ikasketa materialik balletaren inguruan. Finean, gure helburua da balleta demokratizatzea eta euskaraz ikasi daitekeela erakutsi.

Nola landuko duzue?

- Webgunean euskaraz sortzen ari garen materiala jarriko dugu eskuragarri, baina gure ustez oso garrantzitsua da klaseak pertsonan ematea. Azkenean, bertan egiten dira zuzenketak eta hor sakondu daiteke, irakasle bat alboan izatea beharrezkoa da, inoiz amaitzen ez den ikasketa bat delako. Horregatik jarraitzen dut nik ere formatzen; jende askok praktikatzen duen kirola da, eta euskaldunok ere egiten dugu. Horregatik, erakutsi nahi dugu edonorentzako modukoa dela, izugarrizko onurak dituela, eta, edonon klaseak emateko prest gaude.

Onura nabarmenak ekartzen dituela esan duzu. Zeintzuk dira horietako batzuk?

- Hasteko eta behin, gorputzaren jarrera dago, tente ibiltzen ikasten da. Koordinazioa ere oso garran-tzitsua da eta azkenean, adimena ere lantzen da. Dudarik gabe, musika ere partaide denez, belarria ere lan-tzen da eta guztia kontrolatu behar da. Oso konziente izaten zara zure gorputzaz, eta mugimenduak nahita eginak izaten dira, beraz, gorpu-tza heztea lortzen da, zuk nahi duzuna egin dezan lortzeraino. Eta dan-tza bat den heinean, egiten diren pausuak ere ikasi egin behar dira eta memoria garatzen laguntzen digu balletak.

Eta transmititzea ere garrantzitsua da, ezta?

- Dudarik gabe. Antzerki bat bezalakoa da balleta dantzatzea, arte bat. Beraz, emozioak transmititzea oinarrikoa bihurtzen da. Lotsak albo batera utzi eta aurrera egiten duzu. Beste dantza batzuetarako oinarri gisa balio omen du. Bai, esaterako, euskal dantzak egiten ditugunontzako ere onuragarria da. Azkenean, oinarria antzekoa da, postura begiratzea besterik ez dago. Dan-tzari askok dakizkite balleteko oinarriak, eta horiek ondo ikastea beharrezkoa da garatzen jarraitzeko. Baina edonork egin dezake, eta konstantea izanez gero, emaitzak espero baino lehenago iristen dira eta horrek beti motibatzen du.