Oñatiko Oñatz dantza taldeak herria dantzaz eta txistu soinuz girotzen, eta euskal kultura sustatzen mende erdiko ibilbidea beteko du aurten. Urteurrenari hasiera emateko soka dantzan atera ziren atzo Herriko plazara. Urte bakoitza dantzari batek ordezkatu zuen, aurreskuak eta atzeskuak soka gidatzen zuten bitartean.

"Hemen bildu da Oñatz hainbat eta hainbat urtez, era batera edo bestera, osatu dugun pertsonak. Eta nola ez, gurea den euskal eta oñatiar dan-tzaren transmisioa bermatu duten zenbait belaunalditako dantzariak, musikariak eta baita plazara atera barik asko emandakoak ere. Guztiok batera osatzen dugun horretan dago transmisioaren giltza. 1970. urtean dantzan zekitenek erakutsi zieten hurrengoei nola eman hanka pausoak, eta 2020. urteko taldekideek darraite hurrengo urtetako dantzariei orduko koreografiak erakusten; hain zuzen, 50 urte beranduago", azpimarratu zuen atzo Oñatzeko ordezkari den Julen Agirrek udaletxeko osoko bilkuran egindako aurkezpenean.

Hiru dira urte berezi honetan ezarri dituzten helburuak. "Lehenik, gure nortasuna hauspotzea, hain propio dugun euskal izaera kalera ateratzea eta Oñatiko herriari zein herritarrei hamarkada guzti hauetan egindako lana eskertzea", adierazi zuen Agirrek. Bigarren helburu gisa aurrez aipatutako transmisioa indartu nahi dute, eta azkenik, auzolanaren balorea ere mahai gainean jartzea gustatuko li-tzaieke. "50 urte hauetan boluntario lana, eta hein handi batean, euskal kulturarekiko militantzia izan da bizirik mantendu gaituena, eta urte guztiko antolakuntzan ere horrela jarraituko dugu", gaineratu zuen Agirrek.

Hiru helburuak kontuan hartuta, urteurreneko leloa aukeratzeko iazko jaien bueltan herritarren proposamenak jasotzeko kutxak jarri zituzten herriko taberna ezberdinetan. "50 proposamenetatik gora jaso genituen. Beraz, hainbat ideia buruan izan ondoren, Gure sokaren gorulariak leloaren aldeko hautua egin genuen, landu nahi ditugun hiru baloreak ain-tzat hartzen baititu", azaldu zuen ospakizunaren komunikazio taldeko kide den Eider Quintasek.

Logoari dagokionez, Amaia Azkue oñatiarrak egin du diseinua. "Sokaren zuri, gorri eta urdinen bitartez hain gurea dugun Korpus dantzei erreferentzia egiten dio irudi honek", zehaztu zuen Quintasek.

ekitaldiak hilabeteka Soka dantzarekin 50. urtemuga ospatzen hasi ziren atzo dan-tzari oñatiarrak. Hemendik abendura arte hilabete bakoi-tzak izango du "gure taldearen atal eta erpin banaren dantza", aurreratu zuen taldeko familia kide den Marilo Torrealdaik.

Era honetan, urte amaiera bitartean aurrera eramango diren ekin-tzen zertzelada batzuk eman zituzten. "Hilabetez hilabete joango gara egitarau zehatza jendarteratzen", aipatu zuen Torrealdaik.

Beraz, datorren asteazkenerako Zer da Oñatz? izenburupean solasaldi bat antolatu dute. Gaztelekuan elkartuko dira (19.00etan), "elkarren artean, guretzat guztiontzat horren garran-tzitsuak diren dantza taldearen transmisioa eta elkarlana jorratzeko".

Otsailean, aldiz, inauteriak ospatuko dituzte: 20an, ikastetxeetako bosgarren eta seigarren mailetako ikasleen eskutik; 22an, Oñatiko Inauteriak aterako dira kalera, eta 23an, Luzaidekoak. Martxoan Oñatzen harrobiaren txanda izango da, eta apirilean euskal jantzietan jarriko dute arreta. Maiatzean erraldoiak eta txorimaloak izango dira protagonista nagusi, eta ekainean, urtero legez, Korpus jaietan murgilduko dira. Hurrengo hilabetean, uztailean, Oña-tzen egunak hartuko du lekukoa, eta abuztuko Euskal Herriko taldeen emanaldiaren ondoren, irailean, Sanmigelen atarian, Haurren Eguna ospatuko da. Urteko azken hiruhilekoan, 50 urte dantzan ekitaldia egingo dute urrian, eta azaroan musikariak izango dira egitarauaren ardatz. Urteurrena dan-tzan agurtuko dute abenduan.

Ospakizunarekin bat egin eta babesten duten pertsona, enpresa eta herriko kormertzioei eskerrak eman ondoren, Izaro Elorza alkateak hartu zuen hitza. "Eskerrik asko bost hamarkada hauetan egin duzuen lanagatik, helburuengatik eta emaitzengatik. Gure kultura transmititzeaz gain, garai berrietara egokitzen jakin duzue, eta honen adibide da emakumeen presentzia Korpusean, Oñatiko Inauteriak?", narbarmendu zuen Elorzak.

Herritik eta dantzatik eta herriarentzat eta dantzaretzat. "Oñati ezin da irudikatu dantzarik gabe. Beste 50 urtegatik!", esanez amaitu zuen alkateak.