Indarkeria matxistaren biktimen arreta protokoloa sinatu dute
Erakundeen arteko koordinazio bideak sendotu eta emakumeenganako arreta integrala bermatu nahi dute Oñatin
OÑATI - Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen arreta hobetzeko protokoloa sinatu zuten atzo Oñatiko Udalak, Osakidetzak eta Barne Sailak. Erasoa jasaten duenari erantzun integral bat ematea da helburua.
2016an burutu zen emakumeenganako indarkeria matxistaren inguruko diagnostikoa. Lan honek erakutsitako gabeziei edo hobetu beharrekoei erantzuna emateko asmoz, indarkeria matxistaren prebentzioan, detekzioan, biktimen arretan eta esku-hartzean eragiteko jardute irizpideak landu eta adostea erabaki zuen Udalak. 2017an hasi eta 2019an amaitu den prozesuak hiru dokumentu eman ditu emaitza gisa: erakundeen arteko koordinaziorako protokoloa, udaleko zerbitzu ezberdinetatik egiten den esku-hartzeak emakumeen ahalduntzean eragin positiboa izateko irizpideen bilduma, eta erantzun publiko instituzionalerako protokoloa. 2019ko otsaileko osoko bilkuraren onarpenarekin, azken biak martxan daude dagoeneko.
Udaleko sail desberdinen, Ertzaintzaren eta Osakidetzaren arteko elkarlana izan da protokolo hau, eta udal talde politiko guztien babesa jaso du. “Sinatutako dokumentua, arreta hori hobetzeko azken hiru urteetan eginiko lanaren emaitza da. Protokolo honen helburu nagusia koordinazio mekanismoak finkatu, irizpide bateratuak ezarri, eta herritarren inplikazio aktiboa bilatzeko bitartekoak ezartzea da”, azaldu zuen Izaro Elorza alkateak.
Beraz, protokolo honen bidez egun dauden koordinazio bideak sendotu, jarraipen mekanismoak definitu, eta emakumeenganako arreta integrala bermatu nahi dute. Sarean funtzionatzea da xedea.
KOORDINAZIO MAHAIA Datozen hilabeteetan lehenengo koordinazio mahaiaren bilera deituko dute -Ertzaintzak, Osakidetzak, eta udaleko Gizarte Zerbitzuek, Berdintasun sailak eta Udaltzaingoak parte hartuko dute-. Mahaiaren funtzionamendua eta lehentasunak ezarriko dituzte egun horretan. -A.D.
Temas
Más en Gipuzkoa
-
El comercio guipuzcoano lidera las ventas en Euskadi y mantiene el empleo
-
Se amplía el uso de las taquillas inteligentes de Ordizia: de la feria al comercio
-
Donostia une fuerzas con otras ciudades para afrontar los retos del cambio climático
-
El Alderdi Eder de Donostia se convertirá en una pista para el deporte femenino el 4 y 5 de octubre