Hernani - Hernaniko Udalak atzo urtarrila eta maiatza bitarteko kultur egitaraua aurkeztu zuen. Nabarmentzekoak dira Biteri kultur etxeak hartuko dituen hiru estreinaldiak: zine atalean, Apaga la luz y verás Axel O'Millek ikusmen arazoak dituen Ibon Casasen istorioa konta-tzen duen lanarena; musika atalean, Maria Berasarte fadoa, flamenkoa, doinu zeltikoak eta euskal musika uztartzen dituen artistaren ikuskizuna; eta antzerkian, O! lanari esker Elirale konpainiak haurrak dantza garaikidean murgilduko ditu.

Literatur arloan, Rakel Gonzalezek, libututegiko arduradunak, azpimarratu zuenez, apirilaren amaieran, Buyan. Heriotzaren uhartea Martin eta Xabier Etxeberria anaiek idatzi eta Aritz Trueba ilustratutako komikiari buruzko solasaldia prestatu da. Saioan egile guztiak izango dira, gainera.

Gonzalezek gaineratu zuenez, publikoaren harrera oso ona izaten duten ipuin kontaketak urtarriletik ekainera bitartean izango dira. Emakumeen euskal literatura ikuspegi feministatik mintegiak, Kattalin Minerrek gidatua, ere jarraipena izango du, iazko arrakasta ikusia. Guztira, sei saio izango dira eta euskal idazleen lanak aztertuko dira. Horietako bi saioetan Mari Luz Esteban eta Miren Agur Meabe izango dira. Parte hartu nahi duenak aurretik izena eman behar du.

Bestalde, Koro Etxeberria Kultura zinegotziak, euskal zinearen eskain-tza aletu zuen. "Iaz sortu zen atal hau, euskal zinearen ekoizpenak gurean leku bat merezi zuela irudi-tzen zitzaigulako, eta oraingoan ere eutsi diogu zine kritiko, politiko-sozial kutsua duten lan hauei bozgorailua ematen dien atal honi", esan zuen. Zine zikloa datorren astean burutuko da, hilaren 14tik 17ra, eta hiru lan ikusteko aukera izango da. Sarrera doakoa da.

Azkenik, Nagore Irastorzak, Kultur teknikariak musika atalean Hezurbeltzak Jon Maiak dakarren proposamena aurkeztu zuen. Biteritik kanpo emanaldi bat ere izango da: Oreka TX Atsegindegin izango da maiatzaren 16an, Sagardoaren Uzta Berriaren aurkezpen egunean.

Egitarauaren liburuxka atzo hasi ziren etxez etxe banatzen.