Síguenos en redes sociales:

‘Txarriboda’-rako gonbidapenak, liburutegian eskuragarri

‘Txarriboda’-rako gonbidapenak, liburutegian eskuragarri

Mutriku - 2019ko Antzerkiaz Blai! zikloari hasiera ona emateko Hika konpainiaren Txarriboda antzezlana ikusteko parada izango da ostiral honetan (19.00etan) Zabiel kultur etxean. Udalaren Kultura sailetik ikuskizun horren inguruan jakinarazi dutenez “100 lagunentzako lekua izango da eta gonbidapenak gaurtik aurrera jaso ahalko dira Zabielen kokatuta dagoen udal liburutegian”.

Mutrikuarrek Udalak euskaraz ekoiztutako antzezlanak sustatzeko asmoarekin urtero antolatzen duen Antzerkiaz Blai! zikloaren edizio berri batekin disfrutatzeko aukera izango dute datozen asteotan. Aurtengo programa datorren ostiraletik abenduaren 15era bitartean burutuko da eta horren baitan haur eta helduei zuzendutako emanaldi ezberdinekin osatutako sei saio eskainiko dira.

Mutrikuko Antzerki zikloak hilaren 17an izango du jarraipena, Zirtaka antzerki taldeak (18.00etan) eskainiko duen Harro nago haurrentzako ikuskizunarekin.

Hurrengo emanaldian Goizeko Izarra herriko antzerki taldea izango da protagonista. Konpainiak Argazkiak eta Beldurrari aurre egin obrak taularatuko ditu hilaren 24an Zabielen (19.00etan).

Horren ondoren, Txalo konpainia ezagunaren txanda izango da. Honek Rita antzezlana taularatuko du abenduaren 1ean (19.00ean); emanaldi horretarako sarrera ordaindu beharko delarik (5 euro).

Azkenik, aurtengo zikloa borobiltzeko azken bi saioak Mutrikuko Akelarre taldearen eskutik burutuko dira. Konpainia honetako lagunek Sorpresadun pisua eta Ligatzeko klaseak obrak antzeztuko dituzte abenduaren 13ean (19.00etan) eta bi egun beranduago (ordu berean) Roboten denda; Neskak, mendia eta beste guztiak eta Lorontziaren epaiketa antzezlanak.