TOLOSA. Hezkuntza Azpiegituren 2019-2023 planaren baitan martxan jarriko den proiekturik handiena da 14,5 milioiko aurrekontuarekin Tolosako Orixe Bigarren Hezkuntzako Institutuan berrikuntza. Hasiera batean gaur egungo eraikina egokitzeko aukera mahai gainean jarri bazen ere, oso zaharkitua dago eta hutsetik berria eraikitzeko proiektua onartu du Eusko Jaurlaritzak.

Institutuko zuzendaritzak proiektu didaktiko-metodologiko berritzailea aurkeztu zion Hezkuntza sailari eta premia handia zela ikusirik, aurrera egitea erabaki zuten. “Uste dugu diseinua metodologiaren zerbitzura egon behar duela. Espazio irekiak izango ditu eraikin berriak, izan ere edozein leku eta edozein une ikasteko aproposa izan daitekeela defendatzen dugu. Ikaskuntza publikoak horrelako erreferente bat behar zuela uste dugu eta Tolosa izango da aitzindaria”, azaldu du Joserra Zalakain ikastetxeko zuzendariak.

Eraikin zaharrak beteak ditu ia 50 urte eta gaur egun gabezia handiak ditu eta arazoak sortzen dizkie erabiltzaileei. “Alde batetik, jasangarritasunari dagokionez; beroak ihes egiten du eta neguan hotz egiten du. Diseinu aldetik ere oso baldintzatuta gaude eta hasieratik aurkeztu genion Hezkuntza sailari askoz eredu irekiagoa, proiektuka lan egiteko aukera emango diguna, molde berrietara egokituz”, gaineratu du zuzendariak.

Europako ereduak ezagutu eta hainbat ikastetxe bisitatu dituzte proiektua lantzen joan diren denboran; Holandan, Belgikan, Dinamarkan eta Finlandian. “Dokumentuan jaso genituen han jasotako hainbat ideia eta ontzat hartu dituzte berrikuntzak. Lehen Hezkuntzan badaude horrelako eraikin gehiago Euskadin, baina Bigarren Hezkuntza ez, aurreratuena beharbada Aizmendi Ikastola izango da”, zehaztu du Zalakainek.

Une honetan eraikin berriaren proiektua garatzen ari da UTE Uzcanga Arquitectos-Peru Zabalo esleipendunak. Berrikuntza adierazgarrienetako bat da ikasketa kooperatiboa bultzatzeko proiektuka lan egiteko aukera izango dutela ikasleek hainbat eremutan. Gela arruntez gain (20 DBHrako eta zortzi Batxilergorako), atsedenaldietan aprobetxatzeko espazioak egongo dira talde lana sustatzeko. Diziplina arteko lana eta mintegien arteko proiektu anitzak landu nahi dituzte.

Eraikin berrian DBHko ikasleak izango dira, baina pasabide batez bidez komunikatuta egongo da Batxilergoko eraikinarekin. Sarrera ere erabiliera anitzeko gunea izango da eta bertan kokatuko da areto nagusi bat, eserlekuekin, kristalez inguratuta. Kanpoan, kirola egiteko aukera emateaz gain, atsedean hartzeko espazioak egokituko dira berdegunean.

Gaur egun 650 ikasle inguru eta 86 irakasle ditu Orixe BHIk. Ikasturtea sakabanatuta hasi dute eta prozesuak luze joko badu ere, lanak ahalik eta azkarren hastea espero dute. “Pozik gaude, gure beharrak beteko dituela uste dugulako”, dio Zalakainek.