aia - Aiako Orortegi baserriak EAEko Abeltzaintza Ustiapenen Lehiaketa irabazi du. Aurten, errekomozimendu hau jasotzen duen bigarren aldia da 2008an ere eskuratu baitzuten saria. Erkidegoko ukuilu guztiek hartzen dute parte Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Foru Aldundiek ematen duten abeltzaintza sari honetan. Beraz, “ohore bat da gure baserria aukeratua izatea”, aitortu zuen Iñigo Eizagirre Orortegi baserriko baserritarrak. Zehazki, ardien esparruan lortu du lehenengo postua, Orortegi gaztari esker.

Espero al zenuen EAEko ukuilu guztien artean, zurea izatea saritua?

-Egia esanda, ez nuen espero. Teknikari batzuk pasa ziren gure baserria, ingurua eta ukuilua ikuskatzera eta aurreko astean, Gernikan ospatu zen Abeltzaintza Ustiapenen Lehiaketan izan nuen honen berri. Poztasun handia hartu nuen, horrek lanean jarraitzeko indarra ematen baitu.

Zein faktore hartzen zaizkizue kontuan txapelketa honetan?

-Lehiaketan ukuiluen gestioa da kontutan hartzen dena. Bertako antolakuntza, txukuntasuna eta baserriko produktuaren kalitatea baloratzen dituzte ingurumenarekiko duten errespetua eta txukuntasunarekin batera.

1.500 euroko ordainsaria jaso duzu. Zer egingo duzu horrekin?

-Oraindik ez dakit, baina guk ardi latxetatik eratortzen den gazta lan-tzen dugu eta asmoa bide berdinetik jarraitzea da.

Egun, zenbat ardiekin egiten duzu lan?

-400 ardi ditugu baserrian eta guztiak, ardi latxa mutur gorriak dira; Idiazabal Jatorrizko Izendapenaren jarduera-eremuan egiten baitugu lan.

400 ardiekin lana egitea ez da erraza izango bada...

-Ez da batere erraza. Ardiak mimatu egin behar dira. Euskal Herrian hezetasun handia dago eta hori dela eta, errenka hasten dira ardi batzuk. Hori, esaterako saihesten saiatu beharra dago. Ukuilu batek ere bere xehetasunak izan behar ditu ardiak ondo egon daitezen.

Saria ematerako orduan ukuiluko ezaugarriak ere kontutan hartu dituzte. Zer eduki behar du ukuilu on batek?

-Ukuilu batek txukuna behar du izan ondo funtzionatzeko. Nire ustez, hori da ezaugarri garrantzi-tsuena. Era berean, kontuan izan behar da espazioa. Ardiek nahiko leku izan behar dute bertan atseden hartzeko.

Momentu honetan, itxuraz ez daude ardiak ukuiluan. Non dira?

-Azaroa hasiera bitartean zelaian izaten dira, gau eta egun. Azaroa iristearekin batera, ukuilura ekartzen ditut, ernalketa garaia iristear izaten baita, eta ordurako, indartsu izan behar dira ardiak.

Urte asko daramatzazu gazta egiteko ardiekin lanean. Honezkero sekretu guztiak ere jakingo dituzu...

-Bai, ondo ezagutzen dut sektorea. 30 urte inguru daramatzat ardiekin lanean. Lehen ukuilu gehienetan bezala, behiak bakarrik nituen. Ardiak, ordea, betidanik gustatu izan zaizkit niri eta horrela eman nuen saltoa. Egun, Idiazabal jatorriko hamar mila gazta kilo inguru ekoi-zten ditut urte batean eta gure produktua, gehienbat, Aia, Orio, Zarautz eta Donostian saltzen da.