Etxeko ataritik turistei begira
2011. URTETIK %45 HAZI DIRA Donostiara datozen bisitariak. Turismoari lotutako lanpostuak eta aberastasuna nabarmen handitu dira, baina horrekin batera hazkundearen jasangarritasunaren inguruko kezkak ere bai.
Turismoa hazten ari da Donostian eta dagoeneko sektorerik indartsuena da hiriko ekonomian (ostatuen eta ostalarien jarduera batuz gero): 8.000 langiletik gora ditu, 2017ko udal ekonomiaren barometroaren arabera. Zehazki, 2011tik %45 hazi dira Donostiara datozen bisitariak Eustaten arabera eta bertan pasatzen dituzten gauak %48,7 hazi dira (2013. urtetik da nabarmenagoa hazkundea). Horren harira, hotel kopurua ere handitu da eta 2016tik 2020 bukaerara 20 berri zabaldu dira edo zabalduko dira. Pisu turistikoen fenomenoa ere indartu da nabarmen eta, egun, ia 1.300 pisu edo gelek dute erabilera turistikorako lizentzia.
Hilabete hasieran Turismoaren Munduko Erakundeak saria eman zion Donostiako Udalari, iazko udan garatutako Love San Sebastian, Live Donostia kanpainaren bidez turismo jasangarria bultzatzeagatik. Dena den, hazkunde honen jasangarritasunaren inguruan kezkak ere badaude eta egoeraren inguruan gogoeta egiteko ikuspegi desberdinak (kontrajarriak ere bai kasu batzuetan) dituzten bost eragile bildu ditu egunkari honek: turismo bulegoko burua, hotelen ordezkaria, turismoan aditua den irakaslea, Parte Zaharreko bizilagun elkartea eta turismo ereduarekin kezkatutako lagunen plataforma.
“Helburu bateratuak”
Turismoaren Munduko Erakundearen definizioa gogoratu du Paul Lizeaga Gipuzkoako Hotelen Elkarteko ordezkariak jasangarritasuna zer den zehazteko garaian: “Baliabideak kudeatzeko bide bat da, behar ekonomiko, sozial eta estetikoei erantzunez eta, era berean, kultura bere osotasunean, prozesu ekologikoak, dibertsitate biologikoa eta bizitza sostenga-tzen duten sistemak errespetatzen dituena”. Ildo horretan, Donostiak bizi duen hazkundea jasangarria dela “eta izan behar duela” uste du Lizeagak. Edonola ere, balorazioa egiteko garaian bisitariek hirian burutzen dituzten jarduera guztiak aztertzeko beharra nabarmendu du, ez bakarrik ostatuarena, eta “bertan lo egiten dutenen eta bisitatzen gaituztenen arteko desoreka garbia” gogoratu du.
“Turismoak eragina badauka hirian eta herritarrengan, dudarik gabe, nahikoa litzateke geure buruari galdetzea zein neurritan eragiten dugun guk geuk bisitatzen ditugun lekuetan. Gakoa eragin horren emaitza osoa baloratzea litzateke, kalitatezko lanpostuak sortzeko duen eragina, ekonomian duena edo ekintzailetzarako sortzen dituen aukerak, beti ere oreka baten bila, gure nortasuna eta bizi kalitatea mantenduz”, aipatu du.
Turismoaren kudeaketari dagokionez udal erakundeen eskutik, sektoreak lurralde osoko ekonomian duen garrantzia aitortzea ezinbestekoa da Hotelen Elkartearentzat. “Turismoaren sektoreko eragileekin batera lortutako diagnosia izatea garrantzi-tsua da eta haiekin batera helburu bateratuak finkatzea, kalitatea bultzatuz eta hiriaren nortasuna aintzat hartzen duten publikoei zuzendutako promozioa garatuz”.
“Hau ez da jasangarria”
“Jasangarri hitzak esan nahi du eredu bati luzaroan eusteko aukera ematen duela, atzera ezinezko kalterik sortu gabe”, aipatu du Bizilagunekin plataformak, gaurko turismo ereduarekin kezkatuta dauden lagunek osatuta. Jasangarri terminoa, hala ere, “industria turistikoak zein bertako erakunde publikoetako agintariek” jaso dutela diote, “turismo ereduaren inguruko eztabaida dagoela ukatuta”. “Beren eredua atzerriko sarien bidez legitimatzea bilatzen dute, baina argi diogu: Donostian garatzen ari den turismo eredua ez da jasangarria”, gaineratu dute.
Izan ere, haiek diotenez, “ez dira ari gaur egungo turismo jarduera iraunarazteko lanean; hazkunde handi eta azkar bat garatzen ari dira”. Horrek, gainera, kalteak ekarri ditu hiria eta herritarrentzat hainbat alorretan, plataformaren arabera: “Etxebizitzen alokairuaren prezioa %30 igo da 2015etik eta Donostian bizitzea gero eta zailagoa zaigu horren ondorioz; merkatalgune erraldoiak hazi eta multinazionalek Erdialdea hartu dute denda txikien kalterako; hiriko paisaia linguistikoan atzerriko hizkuntzak ugaldu eta euskara ezkutatzen ari zaigu; irla arriskuan dago...”
Turismoak aberastasuna sortzen duelako diskurtsoa “abstraktuan” egiten dela uste dute: “Ez dute esaten nork jasotzen duen aberastasun edo diru hori”. “Donostiaren segregazio sozioekonomikoa gero eta handiagoa da”, aipatu du plataformak.
Hala, turismoaren kudeaketak donostiarron bizi-baldintzak berma-tzera bideratuta egon behar duela uste dute eta “gaur egungo turismo ereduak donostiarron gehiengoaren bizi baldintzak kaltetzen ditu”, haien arabera. “Deshazkunde turistikoa da proposatzen dugun norabidea, turismoaren pisua murrizten joateko neurri eraginkorrak hartzea eta badugu 16 proposameneko karta bat horri begira”. Lehen pausoa, Bizilagunekin plataformaren iritziz, “Donostiaren norabideaz eztabaida sozial irekia eta gardena zabaltzea eta donostiarron kezkak, interesak eta borondatea entzunaraztea da”.
“Ona indartu, kontrakoa murriztu”
“Zerbait sostengarria dela esatean urteetan zehar irautea nahi dugula esan nahi dugu eta horrek daukaguna zaintzea eskatzen du, garapena ahalik eta modurik onenean bidera-tzea”, gaineratu du Manu Narváez Donostia Turismoko zuzendariak. Egungo egoera aztertzeko garaian atzera begiratzeko proposamena ere egin du eta gaur egungo Donostia eredu turistikoaren arabera eraiki zutela aipatu du, XIX. mende bukaeran eman zen eztabaida baten ondorioz. Azken urteotan “erakargarritasun hori berreskuratu du hiriak eta, horri lotuta, nazioarte mailan turismoa zabaldu dela kontuan hartu behar da; fenomeno berriak sortu direla ere bai, hoteletara joan ordez etxe batera joan nahi dutenena, adibidez”.
Dena den, hazkunde hori jasangarria izateko lanean ari direla Donostia Turismoa bulegotik nabarmendu du, baita Udaletxetik ere, eta horretarako aste honetan bertan aurkeztutako behatokia sortu dute. “Egia da turismoak hirian eragina daukala eta alderantziz, espazio bera konpartitzen dugu denok. Horrek sortzen dituen ondorioak zehazki zeintzuk diren ikusi behar dugu, ikertu, kaltegarriak badira edo ez baditugu nahi neurriak hartzeko”. Ildo horretan, pisu turistikoek hirigintzan eta etxebizitzaren prezioan desorekak sor ditzaketela eta horiek mugatzeko ordenantza sortu zuela Udalak iaz nabarmendu du.
Jasangarritasun hori bilatzeko ekimen batzuk baimendu eta beste ba-tzuk ukatu ere egin ditzake Udalak: “Duela urte batzuk Beerbike proposamena aurkeztu zuten, bizikletan bisitariei paseo bat emateko garagardoa edaten zuten bitartean eta Udalak ezetz esan zuen. Mezua bidaltzen du horrela Udalak, zein turismo mota nahi duen, turismo mota guztiak ez baitira berdinak”.
Turismoak hirian dituen ondorio positiboak asko direla uste du Narváezek. “Horiek indartu eta baliatu eta kontrakoak gutxitzea da jasangarritasunaren helburua”. “Zuzenena etorrera ekonomiko handia da”, azaldu du, eta Donostian diru hori asko zabaltzen dela uste du, “gure sare turistikoa bertako ekimen eta ekoizleengan oinarritzen delako”. Bestalde, kanpotik datorren jende horrek hiriak duen maila kulturala ahalbidetzen du: “Zinemaldia, jazzaldia, arte galeriak, komertzio batzuk... Tamaina bereko hiriek bizitza kultural askoz xumeagoa dute”, aipatu du.
“Sariak ez du errealitatea hobetzen”
Parte Zaharreko bizilagunak turismoaren hazkundearen lekuko dira eta haien ikuspegia oso garbia da: “Kanpaina batengatik turismo jasangarriaren sari bat jasotzea adarra jo-tzea da, turismoa eta jasangarria terminoek kontrako esanahia dute eta azpian dagoen gezurra islatzen du biak batzeak: jasangarria, orekatua, benetakoa, kalitatezkoa, pertsonak erdian dituena... Hitz horiek errepikatzeak ez du inposatutako errealitatea hobetzen”, esan du Parte Zaharrean Bizi elkarteak.
Auzo elkarteak onartzen du neurri batzuk hartu dituela Udalak, pisu turistikoen ordenantza, esaterako, “baina berandu”: “Plan Orokorraren bidez bazeukaten lehenago ere Parte Zaharrean ematen ari zen pisu turistikoen biderketa geldiaraztea”.
Hazkundearen eraginak zuzenean jasaten dituztela diote: “Bizilagunek deskantsurako arazoak dituzte kalean kontsumitzen denagatik eta pisu turistikoetara berandu iristen direnengatik; ostalaritzak merkataritza ordezkatu du, auzoa aisialdirako gune eta parke tematiko bihurtuz; espazio publikoen pribatitzazioa eman da terrazen edo erakustokiengatik, Santa Mariako eskailerak terraza erraldoi bihurtuz. Bizilagunok eta Parte Zaharra erreferente moduan izan duten donostiarrak arrotzak sentitzen gara gure auzoan”, dio auzo elkarteak. Bestelako adibideak ere jartzen dituzte: “Argazkiak ateratzen dituzten turisten artean egiten ditugu erosketak, zabor gehiegi dago, euskararen eta bizilagunen galera, etxeen garesti-tzea, ekipamendu falta... Gentrifikazioa eta turistizazioa da Parte Zaharrak aurrean duen eszena”.
“Errealitate horiek guztiak debatearen erdian jarri behar dira, sariak ezin du errealitate hori ezkutatu”. Hala, elkarteak ere deshazkunde turistikoaren alde egitea proposa-tzen du “auzoan duintasunez bizi ahal izateko eta hori gaurko eredu turistikoaren antipodetan dago”.
“Denok une batean edo bestean turistak garela onartuz, udal politikek gure bizi baldintzak bermatzea lehenetsi behar dutela aldarrikatzen dugu eta jasan dezakegun karga mugatu, bota ez gaitzaten”, gaineratu du auzo elkarteak.
“Ez dago formularik karga ahalmenarentzat”
Aurkene Alzua Deustuko Unibertsitateko irakaslea da eta turismoan doktorea. Aditu gisa egin du ekarpena hazkundearen jasangarritasunari buruz. “Bisitarien, industriaren, ingurunearen eta komunitate hartzailearen beharrei erantzutean, gaurko eta biharko ondorioak (ekonomikoak, sozialak eta ingurumenarenak) erabat kontuan hartzen dituena da turismo jasangarria”, definitu du.
Donostiak bizi duen hazkundea jasangarria den edo ez galdetuta, erantzuna konplexua dela uste du: “Hiriko bizilagunek, dudarik gabe, presioa sumatzen dute. Horri aurre egiteko beharrezkoa da garbi jakitea presio hori turismoarengatik edo egunpasa datozenengatik (bisitariak, inguruko herrietakoak, erosketak egitera datozenak, ikastera datozenak...) sortzen den. Informazioa jaso, aztertu eta estrategia bateratua garatu beharko litzateke, eragile guztiekin batera”.
“Ez dago formularik herri baten karga ahalmena zein den esateko, hori parte guztiek adostu beharko dute. Ezinbestekoa da auzoei bizitza ematen dieten pertsonei entzutea, erreferentziarik onenak dira jasangarritasun sozialari eta kulturalari pultsua hartzeko”, gaineratu du. Donostiako azken urteotako hazkundeak ondorio positiboak ekarri dituela aipatu du, “baina landu behar diren kanpo-ondorio negatiboak ere bai”. Haren iritziz, horri ekiteko “oinarrizkoa da politika publikoan turismoa barneratzea” eta Helmuga Turistiko Adimentsuen eredurantz aurrera egitea da egokiena: “Esku-hartze publikoaren tresna bakarrean turismoari dagozkion mundu mailako hainbat gomendio, irizpide eta gida lantzeko sortu zen, gobernantza, berrikuntza, teknologia, jasangarritasuna eta irisgarritasunaren eremuetan”.