Ataunen, Atauniker elkarteak berreskuratu egin nahi izan ditu nolabait etxe hutsak, kasu honetan, baserriak. Izaro Garmendia herritar gazteari eskaria egin zion elkarteak, erakusketa bat jartzeko asmotan. Bakarka egiten duen lehen lana bada ere, iaz Xanti Iruretagoienaren omenez bilduma bat jarri zuten ikusgai herri artistek Troskaeta tabernan, eta Garmendiaren lanak ere bertan zeuden. Arte Ederrak ikasten ari da Bilbon, eta “oso gustura” agertu da Ataunikerrek emandako aukera honekin.

Elkartearen ideia gauzatzeaz arduratu da Garmendia. 12 lan, baina denboran luze joan dena. “Urtebetean hamar bat lan egiteko eskaria egin zidaten, eta, azkenean, urtebete baino gehixeagoan 12 osatu ditut”, zehaztu du artista ataundarrak. Ataunikerrek berak aukeratuak izan dira batzuk, baina beste batzuen hautua bere esku gelditu da. “Gehien gustatzen zitzaizkidan baserriak margotzeko aukera izan dut, hala nola, Zubikoeta eta Ajarresta, gure etxe inguruan dagoena”. Ataungo lur eremu zabaleko baserriak dira guztiak, batzuk jendearentzako ezagunak direnak, eta beste batzuk, agian, izkutuago egonda haien existentzia urteen poderioz galtzen joan direnak.

Hain zuzen ere, hauek dira margotu dituenak:Baztarrikagarakoa, Igartzagaratezar, Urezandi, Sara, Artzatezar, Ajarresta, Joanikozenea, Miravalles, Zubikoeta, Kurtuitz, Paskiñaenea eta Gurutzeaga.

ezagutaraztea Mihise gainean oleoz margotu ditu hamabi baserriak. Lehen aldia da baserriak irudikatu dituena eta lan dezente izan du.“Baserri gehienen kanpoko aldean harria dago eta horien testura eta koloreak lortzea hasiera batean kostatu egin zitzaidan. Behin nahi nuena lortuta, besteak margo-tzea errazagoa egin zait”, onartu du. Bilbon ikasten duenez, bere ikasketak eta proiektu hau aurrera atera-tzea izan du urteko jarduna. Lan horietako asko hiriburu bizkaitarrean egin ditu, Ataunen “distrakzio gehiago” dituela argudiatuz. Tartea zuen aldiro margotzen pasatzen zuen, nahi zituen koloreak bilatzen, frogak egiten. Margotu baino lehen, ordea, argazkia atera izan die guztiei. “Izatez lainorik gabeko eguna hobe izaten da argazkia ateratzeko, eta eguzkiak ondo ematen dion momentua. Gainera, zein ordutan ateratzen den argazkiak ere inporta du, izan ere, itzalak azaldu daitezke”.

Dozena bat margolanetatik bere kuttunena ere badu Garmendiak. “Paskinenea da gustukoena, Astigarraga auzoan kokatuta dagoena. Hutsik dago duela hainbat urtetik eta emaitza aldetik gustuen geratu naizen lana da. Egurra badu baserri honek eta balkoia ere egurrezkoa izanda, erronka izan da”.

Ostiralean erakutsi zituen bere lanak, Atauniker elkarteko kideekin batera. Jendearen harrera oso ona izan, eta asko gerturatu ziren erakusketa hau ikustera eta artistarengana ere bai. “Ez nekin zer aurkituko nuen erakusketa egunean, baina jendea pozik agertu zen”, gehitu du. Ikasketetan murgilduta, hainbat teknika lantzen ditu bertan. “Ez da erraza estilo propioa aurkitzea”, xehetu du. Proba desberdinak eginda, ordea, gehien gustatzen zaionari heldu eta hori esperimentatzea gustatuko litzaioke ataundarrari, nahiz eta badakien oraindik bide luzea duela aurretik.

Egitasmoa bera ere positiboa dela deritzo:“Oso ekintza ona dela irudi-tzen zait. Pentsa, ni ataundarra izanda baserri batzuk ez nituen ezta ezagutzen. Azkenean herri handia da, lur sail asko ditu eta urrun dauden baserriak ere bai. Niri baserri horiek ezagutzeko balio izan dit proiektuak, eta uste dut beste askorentzako ere baliagarria izango dela”.

Hutsik dauden etxeak, batzuen memorian galdu direnak, berreskuratu ditu ekintza honen bidez Ataunikerrek, Garmendiaren talentua bidelagun izanez. Oraingoz Ataunikerrek berak gordeko ditu lanak, baina posiblea da salgai jartzea. Proiektu luzeak eman du bere fruitua eta hamabi baserri horiek betirako gordeta egongo dira ataundarraren margolanei esker. Hala, nahiz eta hutsik egon eta bizirik gabe, beste modu batera berriz ere itzuli dira bizitzara, ataundarren begiradetatik sartu eta oroimenean finkatuz. l