lazkao - Iker Lekuona tolosarra da, baina orain zazpi urtetik Lazkaon bizi da. Han Tolosako Konpartsetako kidea zen eta duela hiru urte Lazkaon ere egitasmo berdinari heldu zion gogotsu. Sei kide ziren hasieran eta gaur egun 35 inguru dira.

Nolatan hasi zineten Lazkaon konpartsak ateratzen?

-Ni Tolosan hasi nintzen, orain dela hogei urte inguru. Han sei erraldoi, zortzi buruhandi... genituen. Festa bat izaten da beti eta asko bizi izan dut. Lehen semea jaio ostean Lazkaora etorri ginen bizitzera eta faltan botatzen nuen halako zerbait izatea. Halako batean emazteak esan zidan buruhandiak atera behar zirela arratsalde batean eta gerturatu egin ginen. Ez zitzaidan asko gustatu ikusitakoa, batez ere, buruhandiek segituan kentzen zutelako burua eta nik hori inoiz bizi gabe neukan. Udal ordezkari batek esan zidan bazekiela ni konpartsetan ibilitakoa nintzela eta ea zer iruditzen zitzaidan. Kritika bat egin nion eta segituan lanean hasi ginen hori hobetzeko.

Zer izan da aldatu dena?

-Helarazi nien zein hiru puntu ikusten nituen aldatu beharrekoak. Hasteko, umeak kendu eta helduak jar-tzea. Bigarrenik haur, gazte eta helduei “jotzeko” ordura arte erabiltzen ziren eskoba batzuk kendu eta maskuriak berreskuratzea, eta azken puntua buruhandi zaharren erropak berritzea izan zen. Horrez gain, proposatu nuen guztia ondo bazijoan beste lau buruhandi berri egitea. Aipatutakoarekin gustura agertu ziren eta orduan hasi ginen aldaketa bat ematen herrian gai honen inguruan.

Jendeak nola hartu zuen?

-Lehen egunetik jendeak esan zigun aldaketa bat nabaritzen zuela eta galdetzen hasi ziren. Orduan, taldera batzea erabaki zuten. Ordura arte sei ginen eta lau buruhandi genituen eta gaur egun 35 gara eta zortzi buruhandi ditugu.

Lau buruhandi berri horiek bereziak izan ziren.

-Bai, galdetu zidaten ea nolakoak egitea ikusten genuen ondo, eta herriarekin lotura daukatenak izan beharko zutela proposatu nuen. Bat da astoa, Astotxo egunagatik, bestea herriko irudia den antzarra, hirugarrena Lazkao Txiki eta azkena izaki mitologiko bat, Tximista izenekoa.

Eta horren ostean beste pauso bat ematea erabaki zenuten eta erraldoiak egin dituzue.

-Iaz ikusi genuen jendea bazegoela eta bi erraldoi egiteko eskaria egin genion Udaletxeari, izan ere, buruhandiak ere bereak ditu nahiz eta guk kudeatu. Udalak ondo ikusi zuen eta Tolosako Iñaki Moyuak egin ditu biak; Tolosako konpartsako ordezkaria da eta berak egiten ditu erraldoi guztiak. Gure kasuan, Mari eta Basajaun dira sortu direnak.

Orain gutxi aurkeztu dituzue gainera. Nolako harrera izan dute?

-Oso ona, guk oso balorazio positiboa egiten dugu. Erraldoiak izateak beste bultzada bat ematen dio jaiari eta orain entseguetan gabiltza. Hala ere, dagoeneko beste herri ba-tzuetatik ere izan ditugu gonbidapenak bertara joateko dantzatzera.

Lan handia eskatzen dute entseguek?

-Bai, azkenean erraldoi batek 54 kilo pisatzen ditu eta besteak 62. Astea bitan izaten ditugu entseguak aurkezpenera begira, hilabete pasatxoan. Asteazkenetan erraldoiekin ibiltzen ikasten dugu eta larunbat edo igandeetan dantza ikasteko. Koreografia propioa egin dugu eta hori betiko geldituko da guretzako. Erraldoiekin ateratzen garen egunean aldatzen joaten gara, bakoitzak dantza bat egiten du.

Erraldoiekin ez hainbeste, baina kasu askotan txikiek beldurra izaten die buruhandiei

-Gauza da horregatik erabaki genuela buruhandiz helduak bakarrik ateratzea. Guk badakigu nola eman behar zaion haur bati, baita gaztetxo bati ere. Hiru urteko batengana ezin zara joan maskuria hartuta, izan ere, beldurra pasa eta buruhandiak daudela dakienean etxera joan nahiko du. Horregatik, etxeko txikienei gozokiak ematen dizkiegu eta horrekin guregana gerturatzea lor-tzen dugu. Eta ikusi dugu orain guregana hurbiltzen direla, hori delako gure helburu nagusia, giroa sortu eta jendea elkartzea.