zarautz - Mikel Usandizaga zazpi urterekin hasi zen surfean. Txapelketa batera ere aurkeztu zen baina ez zitzaion bide hori gustatu. Horregatik, 16-17 urte zituela irakasle lanetan hastea pentsatu zuen eta Julen Elkorok aukera eman zion Moor surf eskolan jarduteko. Gaur egun, Aritz Aranburuk ireki duen Shelter surf eskolan dabil kirol honetako irakasle gisa.

Orain irakasle lanetan zabiltza Shelter surf eskolan. Behar al da titulurik surf irakasle izateko?

-Bai, gaur egun hiru titulu mota daude: Euskal Herriko Surf Federazioarena, Espainiakoa eta Isa. Zarautzen oraingoz titulu hauek guztiak daude onartuta baina esan beharra dago, Euskal Herriko Surf Federazioaren titulua dela besteen gainetik dagoena.

Urte asko daramatzazu surfea-tzen eta itsasoak baditu bere arriskuak. Noizbait eduki al duzu sustoren bat?

-Bai, hamar urte nituela susto handia jaso nuen. Olatuak indar askorekin zetozen egun horretan eta ni aitarekin nebilen surfean. Olatu batek eraman egin zidan eta atzetik beste bat zetorren, ezin nuen atera. Bi urte pasa nituen uretara sartu gabe, olatuei beldurra hartu nien. Ikastaroa ematen ere izan nuen susto bat. Aurreko urtean, alemaniar batzuekin nengoela bati belauna atera zitzaion; baina ez zen lehenengo aldia hori gertatzen zitzaiola eta beraz, berak jarri zuen bere lekuan.

Itsasoaren egoera ez dago zuen esku. Zer egiten duzue egoera txarra denean?

-Gure lanaren zati garrantzitsu bat da ikastaro bat ematera atera aurretik itsasoa begiratzea. Udan normalean itsasoak ez du indar handirik izaten eta orduan ez da horrelako arazorik izaten. Uda bukaeran, udazken hasieran, aldiz, neguko itsasoa sartzen hasten da eta olatuek indar handiagoz jotzen dute. Momentu horretan itsasoa baldintza onetan ez dagoela ikusten badugu gimnasioan edo patinetean ibiltzera joaten gara.

Nondik etortzen dira surfa ikastera?

-Nik uste Zarauzko surf eskola guztietan bezero ezberdinak daudela. Shelterren gehiengo handiena Katalunia aldetik dator. Baina badakit beste hainbat eskolek espresuki kanpotik ekartzen dituztela bezeroak eta horiek alemaniar edo holandar gehiago mugitzen dituzte.

Aritz Aranbururen figurak ere indarra emango dio zuen eskolari, ezta?

-Bai, dudarik gabe. Eskolara hurbiltzen diren askok galdetzen dute beregatik.

Surfaren inguruko opor paketeak saltzen hasi zaretela entzun dut...

-Bai, surfak gero eta garrantzi handiagoa du Zarautzen eta gure eskolan, adibidez, ostatua eta surf ikastaroko pack moduko batzuk eskaintzen zaizkio bezeroari. Duela urte bat Aranburuk apartamentu batzuk erosi zituen eta surf eskolako ikasle asko joaten dira bertara lotara.

Orain kiroleko ikasketak ari zara egiten. Surfagatik hautatu zenituen?

-Ez, kirol guztiak ditut gustuko eta txikitatik garbi neukan kirolaren inguruko zerbait ikasi nahi nuela. Txirrindularitza adibidez asko gustatzen zait eta anaia eta biok jarrai-tzen dugu. Futbolean ere jokatu izan dut. Orokorrean kirol zalea naiz.