Ardiki Eguna ospatuko dute bihar Zaldibian
Bertako mondeju zuriaren lehiaketa eta Aralarko artzainen gaztarena ere jokatuko dira
zaldibia - Eguraldi hotza iritsi eta zerbait beroa jateko gogoa eskutik izaten dira. Mondejuak izaten dira horren adibide, esaterako. Biharkoan, Ardiki Eguna ospatuko dute Zaldibian, Ardiki Kofradiak antolatuta. Herria, ohiko legez, zuriz jantziko da mondeju zuriaren lehiaketa hartzeko eta Aralarko artzainen gazta txapelketa ere jokatuko da.
Mondeju lehiaketaren 24. edizioa goizean hasiko da eta bost kana mondeju eraman beharko dituzte partaideek, haren salda eta guzti, goizeko 10.00etarako. Halakoetan izaten den moduan, epaimahaiko kideek kontuan hartuko dituzte mondejuaren itxura, estalkia, ebaketa, zaporea, usaina eta osagaien txikiketa. Aralarko mendi gazta onenak ere jasoko du merezimendua eta bi lehiaketetako sari banaketak 13.30ak aldera hasiko dira. Eguraldi txarra espero denez, Resti pilotaleku estalian egingo dituzte lehiaketak, Kofradiak erabakita.
Hala ere, egunak goiz argituko du Zaldibian eta 10.30ean artisautza eta ganadu erakusketa eta artisauen salmenta feria hasiko dira. Aipaturikoak Toki-Alai pilotalekuan eta plazan egongo dira. Sari banaketaren ondoren, bazkaria egingo dute herritarrek, bertako jatetxeetan. Arratsaldean ere egongo da zertaz gozatua, izan ere, Goierriko V. Erromeria Birak dantzan jarriko ditu inguratzen diren guztiak eta 19.30ean kalejira erraldoi bati emango diote hasiera. Mondejuak dastatzeko aukera ere egongo da, tenperaturak jaitsi arren, barrenak berotzen lagunduko duen produktu zuria. - M.A.