gaztetxoen autonomiaren eta ahalduntzearen garapenean sakontzeko bokazioarekin jaio da Zaletu ekimena. Proiektu berritzailea da eta festa baten bidez aurkeztuko zaie bihar Amezketa, Ibarra eta Tolosako gazteei Tolosako kultur etxean, 19.00etatik 21.00etara, egingo den Zaletu Fest! jaiarekin.

“Zaletasunak ezagutzea eta ikuspegi berritzaile batetik garatzea du helburu ekimenak, estereotipoak gaindituz aisialdiaz gozatzeko aukerak zabaldu nahi ditugu eta proiektu horretan gaztetxoek zuzenean diseinuan parte-hartzera”, aditzera eman zuen atzo Nuria Carbonell Tolosako Udaleko zinegotziak, Ibarrako eta Amezketako udal ordezkariekin baterako eskainitako aurkezpenean.

Izan ere, Gipuzkoako Aldundiaren laguntzarekin, Donostia, Eibar, Ibarra, Amezketa eta Tolosan garatuko da 16 eta 18 urte bitarteko gaztetxoei zuzentzen zaien ekimena; ekintza batzuk herri bakoitzak bereak izango ditu eta beste hainbat elkarrekin garatuko dira.

Tolosako Udaleko Gazteria sailaren “inplikazio osoa” du egitasmoak eta, modu honetan, nerabeen parte-hartzea bultzatu eta euren behar zehatzak ezagutzeko tresna baliagarria izango da Zaletu. Bide batez, nerabeekin eta nerabeentzat erakargarria den eskaintza hori oinarri hartuta, Gazte Topagunearen eskaintza behar horietara moldatzeko asmoa du Tolosak.

Bihar izango du, beraz, abiapuntua egitasmoak eta, ondoren, ikasturte osoan zehar helburu ezberinak lantzeko saioak burutuko dira metodologia ezberdinak jarraituz. Hain zuzen ere, Ezagutu fasea burutuko da azaroarn 9an eta 10ean. Fase honetan, egitasmoko kideen arteko elkar ezautza bultzatzeko serigarafia tailerra proposatuko da: taldeko logoa sortu eta telaszko poltsetan irudikatuko dute. BOXako kideen gidaritzapean egingo dute, beren egoitzan.

Horrengo ekintza Esperimentazio gunea izango da. Azaroaren 24an egingo dute, eta Zo-zongo perkusio taldearekin musika eta mugimenduarekin lotutako saioa izango da. Ekintza honetan Zaletu egitasmoa garatzen ari diren bost herrietako kideek parte hartuko dute.