arrasate - 15 eta 19 urte bitarteko gazteak diziplina artistiko ezberdinetara hurbildu eta horietan trebatu eta sormena lantzea. Helburu horrekin jaio da Ausortu egitasmoa Arrasateko Txatxilipurdi Elkartea eta Ttak taldearen eskutik. Arte plastiko eta eszenikoak, ikus-entzunezkoak eta musika izango dira urria eta azaroa bitartean lau laborategitan jorratuko diren gaiak. “Saioetan praktikatik eta lagunarteko giro atseginean diziplina bakoitzean barneratzeko aukera izango dute parte hartzen duten gazteek”, azaldu zuen Txatxilipurdiko zuzendari den Amaia Etxabek.
Ausortu ekimena martxan jar-tzeko beste xedeetako bat adin tarteko gazte horientzat ekintza desberdinak antolatzea da, “orain arte ez baitzegoen eurei zuzendutako eskaintza zehatzik”, azpimarratu zuen AED elkartearen baitan sortutako Ttak gazte taldeko kideak, Maria Osesek.
Bailarako eta Euskal Herriko artista erreferenteek gidatutako dituzte saioak. Lehenengoa, urriaren 20an, arte plastikoena izango da eta grafika, diseinua, graffitia eta ilustrazio lanetan adituak diren Helena Azkarragaurizar eta Joana Manzisidor arrasatearrek emango dituzte azalpenak. Hilaren 27an, aldiz, Ekaitz Filarmendi aretxabaletarrak eta Itziar Bastarrika oñatiarrak argazkigintza estenopeikoan ardaztutako tailerra eskainiko dute. Kepa Errasti aktore aretxabaletarrarekin an-tzerki tailerretan murgilduko dira gazteak azaroaren 10ean eta, buka-tzeko, Izaro Andres bakarlariak hartuko du lekukoa datorren hilaren 24an. Mallabiko abeslariak Musika sormenaren abenturara bidaia saioa dinamizatuko du.
izen-emateak “Tailerrak goiz (11.00etatik 14.00etara) eta arratsaldez (16.00etatik 19.00etara) izango dira, eta tartean gazteek eta artistek elkarrekin bazkaltzeko aukera izango dute”, adierazi zuen Etxabek.
Hitzordu bakoitzean esku hartzeko aurrez izena ematea komeni da (astebete lehenago), https://labur.eus/118k helbidean, Txatxilipurdi (943 795 446) edo AEDko (943 771 228) egoitzetan. Saio bakoitzeko 15 euro ordaindu beharko dute interesatuek; laurengatik, ordea, 50 euro.