itsasondo - Itsasondora ere iritsi dira herriko jaiak. Hainbat astetan festak antolatzeko buru-belarri lanean aritu ondoren, pozik daude festa batzordeko kideak. Atzo arratsaldean eman zioten hasiera, Ijitoaren jaitsierarekin. Aurtengoan Arbelaitz elkarteko kideen ardura izan zen pregoia irakurri eta festei hasiera ematea.

Hala ere, ostegun arratsaldean itsasondoarrak giroa berotzen hasi ziren Bizi Nahi elkartean, hojaldrezko pastelak prestatu eta txokolate beroarekin batera edateko prest jarriz. Haurrak ibili ziren batez ere buru-belarri menua prestatzen, eta heldu eta jubilatuak, berriz, txikitxoenek prestatutakoaz gozatzea tokatu zitzaien.

Atzo pregoia bota baino lehen, ordea, zinta karrera egin zuten eta segidan merendola. Toka txapelketa izan zen ondoren eta herri afaria ere bai. Jende andana gerturatu zen festaz gozatzera.

talentua, taulan Aurten, gainera, berrikuntza batekin datoz Itsasondoko jaiak. Izan ere, Itsashow ekintza antolatu dute gaur arratsalderako. Telebistan egun aurkitu daitezkeen talentu programen dinamika antzekoa izango du egitasmo berriak. 19.00etan hasiko da, pilotalekuan eta dagoeneko guztia prestatuta dago.

Bertan, zazpi taldek parte hartuko dute eta denetik ikusi ahalko da, hala nola, talde batzuk dantzan arituko dira, beste batzuk kantuan, antzerkia, edo beste trebetasun ba-tzuk dituztela erakutsiko dute; guztia, ondo baino hobeto pasa eta lehen Itsashow-a irabazteko asmoarekin. Baina ez hori bakarrik, gaur mozorro eguna ere badute eta pelikulak dute gaia; beraz, hainbat eta hainbat pertsonaia ezagunez jan-tziko dira gaur egun osoan zehar eta gauez ere bai. Mozorro festari hasiera 20.00etan emango diote eta 21.00ean hanburgesa jana egingo da. Hemendik ateratzen den dirua herriko ongizaterako erabili dela azaldu dute antolakuntzatik. Ondoren, elektrotxaranga izango da gauari erritmoa jarriko diona.

Bihar, berriz, goizean puzgarriak egongo dira, 12.00etan hamaiketakoa eta Aitor Furundarena musikariarekin bazkaria 14.30ean hasiko da. Ondoren, buruhandiak izango dira eta 20.00etan sagardo dastaketa hasiko dute.

pilotaleku berria Orain hilabete batzuk Denis Itxaso diputatua Itsasondon izan zen, bertako pilotalekuan egin behar ziren obrak azaltzen eta bide batez, herria bisitatzen eta dituzten eraikinak ezagutzen. Festetarako pilotalekua berrituta egongo zela aurreratu zuten, eta halaxe izan da. Izan ere, Itsasondon herri erdian dago kokatua pilotalekua, ohikoa den moduan. Gauza da, baina, sei bat eskailera altu jaitsi behar zirela frontoira iristeko, plaza baino maila baxuagoan zegoelako. Horrek eragin kaltegarria zuen irisgarritasunean. Hasteko, jendeak ezin zuelako lasai jaitsi erraztasunez beheraino, eta haurrentzako arriskutsua ere bazelako halako eskailera handiak izatea. Orain, dena berritu ostean, plazaren maila berean dago pilotalekua eta ikusita, ematen du plazaren jarraipena dela. Hortaz, frontoi berrituari estreinaldia asteburu honetan emango diote Itsasondon, bertako jaiak ospatuz.