ZARAUTZ - Azaroaren 23tik abenduraren 3ra bitartean ospatuko da Euskaraldia eta dagoeneko izena emateko epea ireki dute. Online egin daiteke hau, baina bihar 12.00tan Musika Plazan ekitaldi berezia egingo dute jendea anima-tzeko.

Antolakuntzatik azaldu dutenez, garrantzitsuena norberak bere izena apuntatu aurretik, ahobizi edo belarriprest izango den erabakitzea da. Lehenaren kasuan, egitasmoa ospatuko den hamaika egun horietan euskara ulertzeko gai diren solaskide guztiei euskaraz hitz egitea suposatzen du. Ezezagunen kasuan, lehen hitzak euskaraz egitea eta ulertzen badituzte hala hitz egiten jarraitzea. Bestalde, belarriprest izatea aukeratzen duenak euskal hiztun guztiei euskaraz egin diezaioten eskatuko die hamaika egun horietan. Bata edo bestea aukeratzeko zalantzak dituenak bere buruari galdetu beharko dio zer egiteko prest dagoen euskararen aldeko ariketa honetan.

Igandean egingo den ekitaldi berezian, ahobizi eta belarriprest figurak bertan izango dira jendeari Euskaraldiaren izen-emate epea dagoeneko ireki dela jakinarazteko. Txan magoaren ekitaldi berezia ere egingo da, 12.20etik aurrera eta honen amaieran, 13.00etan, izena emateari ekingo zaio. Mahai ugari ipiniko dituzte horretarako, prozesua jendeak ahalik eta azkarren amaitu dezan. Sustatzaileak ere bertan izango dira edozein zalantza argitu eta informazioa helarazteko. Antolakuntzak jakinarazi duenez, sustatzaileen sarea geroz eta zabalagoa da dagoeneko. - N.O.