Ibarra - Martxan dira Ibarrako jaietako esku-programaren azala aukeratzeko diseinu lehiaketa eta marrazkiak hautatzeko bozeto lehiaketa, helduei eta haurrei zuzendutakoak.
Diseinu lehiaketari dagokionez, Ibarran bizi edota ikasten duten 16 urtetik gorako pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute, eta gehienez bi lan aurkez daitezke. Irabazleak 300 euroko saria jasoko du.
Lan guztietan Ibarrako jaiak 2018 testua azaldu behar du ondo nabarmenduta, eta horrez gain Ibarrako jaiekin zerikusia duen ezaugarri edo irudiren bat jaso beharko da. Gainera, generoaren irudikapenean erabilitako irudiek oreka bilatu beharko dute, eta estereotipo tradizionalak azpimarratu gabe, sexu, arraza, adin, kultura edo sexu-aukeren arloan diferentzien tratamendu gutxiesgarria saihestu beharko da.
Paperean edo euskarri gogor batean aurkeztu behar da lana, 21x21 cm-ko tamainan. Horrez gain, formatu digitalean ere aurkeztu beharko da proiektua. Kolorea eta teknika aukerakoa izango da.
Lanak ekainaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dira, 13.00ak baino lehen, kultur etxean. Aurkezten den lanarekin batera, kartazal itxi batean egilearen datuak sartu behar dira, eta kartazalaren kanpoaldean eta lanaren atzean goitizena jarriko dira.
Haurrek, Bozetoak Aurkeztutako proposamenen artean jai-egitaraurako marrazkiak aukeratzea izango du bozeto lehiaketak. Gaia librea da baina, marrazkiek helburuarekiko zerikusia izan beharko dute.
Lanak aurkeztu ahal izango dituzte Ibarran bizi edo eta ikasten duten haur guztiek eta bi kategoria ezarri dira: LH1-LH6 bitarteko ikasleak eta DBH1-DBH2 mailetako ikasleak.
Lana A4 neurrikoa izango da eta antolaketa bertikala izango du. Aurkeztutako lanek Sanbartolomeak 2018 testua eta armarria (edo eta berau jartzeko lekua) eduki beharko dituzte. Bozetoa gutun-azal itxian egilearen datuekin entregatuko da; lanak ez du izenik izan behar. Ekainaren 15a baino lehen kultur etxean entregatu behar dira. - M.S.S.