Negu eta udaberri hasiera euritsuaren ostean, azken asteko eguraldi onak animatuak zituen irundar eta hondarribiarrak atzoko egunera begira. Apirilaren 25ean, San Marko egunean, amabitxiek besoetakoei oparitzen dieten Opilaren jaia ospatzen da eta egun honekin, bizkotxo, gorringo eta egositako zein txokolatezko arraultzeez osatutako gozo hau jatera, mendira edo landa gunera joateko ohitura izaten da. Baina ez zen hala izan atzokoan, eguna euriak busti baitzuen goizeko lehen ordutik. Arratsalde inguruan atertu zuen baina goibel egon zen zerua.
Goiz osoan zehar, Irunen zein Hondarribian, opilen bedeinkapenak egin ziren, dozena bat eliza eta parrokitan. Jendetsuenak, Hondarribiko Jasokundeko elizakoa eta Irungo Junkalgo parrokikoa izan ziren, urtero bezala.
Azken honetan, 11.00etan egitekoa zen bedeinkapena eta ordu laurden bat lehentxeago, euria dezente ari zuela, elizako ateak ireki eta jende asko barrura sartu zen, babesaren bila. Horrela, ohikoa ez den bezala, Fernando Jimenez apaizak bi bedeinkapen egin zituen jarraian. Eliza barrukoa, lehenengoa eta ohikoa den Junkalgo atariko plazakoa, ondoren.
partekatzeko eguna Eliza zein plazatxoa ere bete zituzten haur eta helduei gogora ekarri zien Fernando Jimenezek “San Marko egunean amabitxiek maitasun opari gisa” ematen dietela opila haien besoetakoei, eta gozo hau eta eguna bera “partekatzekoak” direla esan zien. “Opila ez da bakarkako oparia, ez da ordenagailua edo tabletarekin arituko bagina bezalakoa, opila eta San Marko Eguna, familia eta lagun artean elkartu eta partekatzekoak dira, edo bestela, ez dira ezer, esanahi osoa galtzen” dutela gogoratu zien apaizak Junkaleko elizan bildutakoei.
Umeek eta hauen guraso, aiton-amona eta amabitxiek oso gustuko duten eguna izaten da hau.
“Egun polita da hau. Bere garaian senarrarekin ezagutu nuen ohitura hau eta hamabost urte dira Irunen bizi naizela. Umeei gustatzen zaie eta nik ere haiekin ondo pasatzen dut. Pena gaur, eguraldi honekin, opila etxean jatera edo geratu beharko dugula”, esaten zuen 36 urte dituen Amaia Salillas hernaniarrak.
“Oso oroitzapen politak ditut txikitandik San Marko egunarekin eta opilarekin. Pozgarria da ikustea nola ohitura hau oraindik ere sendo mantentzen den. Guk ere, gaur, etxean jango dugu opila, familian”, esaten zuen 45 urteko Maite Ruiz de Larramendi irundarrak.
mundu osora Ohiturak agintzen du, ezkongabe dagoen irundar edo hondarribiarrak, egun honekin, bere amabitxiaren opila jasoko duela. Atzo, mundu osoko txoko askotan, gozo hau dastatu zuten askok.
“Joan den larubatean hasi ginen opilak saltzen eta egun horretan hasi ginen bidalketak egiten, alde guztietara. Gero eta gehiago” izaten direla aitortzen zuen atzo Irungo Aguirre gozotegiko Ana Iriartek.
Irun eta Hondarribiko gozotegietan urte osoan lan gehien egiten den egunetakoak dira hauek. “Ezingo nuke esan zenbat opila saltzen diren, tamaina desberdinetakoak izaten dira eta, baina beti saltzen da ondo”, esaten zuen Iriartek. Azken orduan, oraindik, askok beraiena eskuratu zuten.