Hizkuntzen mapa 2016an, Europako Kultura Hiriburutzaren baitan sortutako egitasmoa izan zen, Bagera elkartearekin lankidetzan. Egurrezko mapa batean, Europako hizkuntzak islatu eta panela Tabakaleraren alboko sarreraren ondoan jarri zuten, lurrazpiko pasabidearen ondoan (Néstor Basterretxea plazan). Printzipioz, iraungitze data zuen eta 2016an soilik bizirauteko asmoarekin sortu zuten. Hala, urtea amaituta, euria, haizea eta eguzkiaren ondorioz kaltetuta zegoen panela kendu eta leku horretan Remigio Mendibururen eskultura jarri zuen Udalak.

Bagera elkarteak eta hainbat lagunek mapa mantentzeko eskatu zuten orduan eta, azkenean, Udalak eskaera aintzat hartu zuen. “Oso harrera ona izan zuen eta Kultura Hiriburu-tzaren legatuari buruz hitz egin nahi badugu, mapa mantentzea garran-tzitsua iruditu zitzaigun”, aipatu zuen Eneko Goia alkateak atzo, lan berriaren inaugurazio ekitaldian.

Hala, mapa berriro egiteko eskatu zieten Iñaki Rifaterrari eta Manex Izagirreri, haiek sortu baitzuten aurrekoa, egurrezkoa. Oraingoan, baina, mapak iraun beharko zuela eta beste material bat lantzeko beharra ikusi zuten. “Brontzea aukeratu genuen”, aipatu zuen Rifaterrak. Material honekin lan egiten duten lehen aldia izan da, horrelako tamaina handi bateko obra batean behin-tzat, eta esperientzia polita izan dela onartu zuten, baita erronka bat ere. Brontzea Alfa Arte tailerrean landu dute, Eibarren, azido bereziak erabilita, adibidez, zuloak eta testura berriak lortzeko.

Izagirrek onartu zuen egurrezko bertsioan artisau lana egin zutela, pieza guztiak eskuz sortu baitzituzten; brontzezko eskultura berrian, dena den, eta aurrekoan ez bezala, erliebea lortu dute: hizkuntza bakoitza pieza bat da eta Europako maparen gainean kokatuta dago: “Pieza bakoitzak duen alturak informazioa ematen du haren erabilerari buruz”.

Maparen fondoan Hizkuntza txikiek mundua handitzen dute lema grabatu dute zortzi hizkuntzatan eta bertako letrei Rifaterrak eman die forma eskuz. Tabakaleraren sarrera nagusiaren albo batean kokatutako eskultura nagusiaren ondoan, gainera, haren azalpena den panela ere jarri dute eta bertan mapan agertzen diren 91 hizkuntzak identifikatzen dira.

“Euskaraldiaren aurkezpenaren atarian, dei egin nahi diegu herritarrei guztion artean euskara handitu dezagun”, gaineratu zuen Goiak. Mapa berria 2016 Fundazioaren eskutik sortu dute eta, hala, Goiaz gain, Eusko Jaurlaritzako eta Foru Aldundiko ordezkariak ere izan ziren atzoko aurkepenean, baita Bagerako kideak eta Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusia ere. Udaleko EH Bildu eta Irabaziko ordezkariak ere bertaratu ziren.