Síguenos en redes sociales:

“Nire amak 1961etik kaldereroetako damak eta erregina jazten ditu”

Datorren larunbat gauean Elur-Txori elkarteak antolatzen dituen kaldereroak Hernanin ibiliko dira. Konpartsa gidatzen Josu López arituko da

“Nire amak 1961etik kaldereroetako damak eta erregina jazten ditu”

Hernani - Otsaileko lehenengo larunbata izanik, kaldereroak aste honetan bisitatuko dute Hernani. Baina dena ondo ateratzeko zenbait entsegu egin beharko dituzte gaur, bihar eta etzi Elur-Txori elkartean 20.00etatik aurrera.

Zein ibilaldi egiten duzue konpartsarekin?

-Urtero berdina egiten dugu, aldaketaren bat badago eguraldiarengatik izaten da eta orduan ibiladi mo-tzagoa egiten dugu. Nik esaten diet udaltzainei nondik joan behar dugun. Urte batean oso eguraldi txarra egin zuen eta elkartetik zuzenean Atsegindegi plazara joan ginen eta han egin genuen kanpamendua, baina beti Gudarien plazan bukatzen saiatzen gara. 21.30ean Elur Txoritik ateratzen gara eta plazan sartzen gara, handik Kale Nagusitik, Zinkoeneatik eta Andre Kaletik ibiltzen gara. Azkenik, plazara joaten gara eta han gure kanpamendua egiten dugu. Erregina eta damak udaletxeko balkoira igotzen dira eta han diskurtsoa botatzen dute Udaleko ordezkari batekin batera.

Zeintzuk osatzen duzue konpartsa?

-Lehen karroza gehiago ateratzen ziren, mugimendu gehiago zegoen; baina gaur egun dama eta erreginaren karroza joaten da aurretik, gero ni zuzendari bezala, gero zartagiak, txaranga eta neskak salto eta panderoa jotzen eta, atzean, sutegia (fragua) txistorra banatzen.

Zenbait geldialdi egiten dituzue eta konpartsan urte luzetan parte hartu dutenak omentzen dituzue.

-Bai, aurrena nire amari, Menchu Clementeri, abesten diogu. Elkarte ondoan bizi da, Oarso kaleko 4. zenbakian. 1961etik, konpartsa atera zen lehenengo urtetik damak eta erreginak jantzi eta margotzen ditu. Hor pixka bat nire aitaren eta nire amaren omenez abesten dugu. Gero Atxur tabernaren parean gelditzen gara eta gero Andre Kalen, beheran. Azkenik Plaza Berrin beste pieza bat abesten dugu.

Nondik dator kaldereroetako ohitura?

-Kaldereroak Kandelaria egunaren inguruan etortzen ziren. XIX. mendean otsailaren 3a elizarentzat jai eguna izaten zen eta bezperan kaldereroak ateratzen ziren. Gero elizak esan zuen egun hori ez zela jai eguna, baina kaldereroen konpar-tsak Donostian jarraitu zuen.

Eta Hernaniko kasuan?

-Hemen otsailaren lehenengo astean ateratzen gara. Hemen 1961ean atera zen lehenengo aldiz. Inork ez daki ziur, baina dirudienez, Elur-Txoriko bazkide batzuei, Donostiarekin harreman asko zutenak eta han lan egiten zutenak, bururatu zitzaien hemen egitea.

Hernaniko kaldereroen historiarekin liburu bat dago.

-Bai, liburu bat idatzi nuen 2011n 50 urte bete zirelako konpartsa lehendik atera zela, baina ez ginen 50 aldiz atera urte batzuetan bertan behera gelditu zelako, jende faltarengatik, batez ere.

Zenbat pertsona biltzen zarete konpartsan?

-Ez dugu inoiz kontatu zenbat ateratzen garen, baina konpartsa atera baino lehenago egiten dugun afarian 120 pertsona edo gehiago izaten gara eta gero ateratzeko orduan jende gehiago gehitzen zaigu. Eguraldi ona ateratzen bada jende asko biltzen gara 200-300 pertsona edo, inoiz ez dugu kontatu. Eguraldi txarrarekin gutxiago izaten gara, batzuk umeekin ateratzen baitira. 2011n, 50. urteurrena ospatu genuenean, oso eguraldi ona egin zuen eta 400 pertsona baino gehiago bildu ginen.

Geroz eta jende gehiago ateratzen da kaldereroetan?

-Berdintsu. Urte batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago, esan dudan bezala eguraldiak eragin handia izaten du. Baina bai nabaritu dugula ikastoletan kaldereroak ospatzen direla eta umeek kantak eta doinuak ezagutzen dituztela. Gainera, Langile ikastolakoek, Hernaniko ume gehien hartzen dituen ikastolakoek, ostiral arratsaldean kalderoen konpartsa egiten dute herriko kaleetatik. Ohitura manten-tzen da.

Harrobi gazte honek aldaketak ekarri al ditu konpartsara?

-Lehen kantak gazteleraz abesten genituen, baina ikastolatik zetozen gazteek euskaraz zekizkitenez, uste dut, 2002an, erabaki genuela euskaraz abestuko genituela doinuak.

Noiz atera zinen lehendabiziko aldiz?

-Lau urte nituenetik atera izan naiz. Behin bakarrik ez naiz atera. 1980an nire aita hil zen eta 1981ean ez nintzen atera. Bestela, urte guztietan parte hartu dut.

Zure aitak ere dama bezala eta ingudea (yunque) jotzen atera da urte askotan. Nondik datorkizue kaldereroetako ohitura hau?

-Guk etxean betidanik asko bizi izan ditugu. Nire ama Tolosakoa da eta betidanik bizi izan ditugu festak. Franko garaian Tolosara joaten ginen a las Fiestas de Primavera.

Zure seme-alabek jarraitzen al dute familiaren ohitura hau?

-Nire semeak, orain, hamabost urte ditu eta lehen txikia zenean atera-tzen zen. Nire alaba, zaharragoa dena, bai ateratzen dela eta nik uste dut semea ere adin hau gainditzen duenean berriz aterako dela.