lazkao - Ikertzaileentzako aukera “paregabea” dela nabarmendu zuten Lazkaoko Gerriko Ikerlan Bekako antolatzaileek, aurtengo edizioaren aurkezpenean. Hain zuzen, Goierriri dagokion edozein zientzia alorretako ikerlanak aurkeztu daitezke bekara, euskarazkoak, originalak eta beste inon saritu eta argitaratu gabeak direlarik.
Gerriko elkarteak, Maizpide euskaltegiak eta Lazkaoko Udalak antolatu dute beste urte batez deialdia eta bihar amaituko da beka eskuratzeko lanak entrega-tzeko epea. Interesa duten guztiek, eguerdiko 12.00etarako Gerriko Kultur Elkartean aurkeztu beharko dituzte haien proposamenak.
7.000 euro Laguntza mardula eskaintzen du bekak, izan ere, ordainsaria 7.000 eurokoa izango da, eta epaimahaiak proiektu bat baino gehiago diruz lagundu nahi badu, kopuru hori guztien artean banatuko dela ere jakinarazi dute. Hori bai, epaimahaiak hala erabakiko balu, ikerlanen kalitatea nahikoa ez delako, ikerlan-beka eman gabe utz dezake. Hala ere, urtero maila oneko lanak biltzen dira beka honen inguruan eta aurten irabazlerik baden edo ez martxoaren 16an jakinaraziko da. Irabazlerik balego, orduan bertan osatuko da bekaren jarraipena egingo duen epaimahaia, gaia edo zientzia hori kontrolatzen duten adituak izango baitira lan horri helduko diotenak. Ikertzaileek urtebeteko epea izango dute ikerlan osoa bukatuta entregatzeko, alegia, 2019ko martxoaren erdirako guztia eginda aurkeztu beharko dute. - M.A.