ordizia - Txiki txikitatik argi zuen Estibalitz Ruano ordiziarrak ileapaindegi batean lan egin nahi zuela. Bere bokazioa, baina, familiatik dator: “nire ama ileapaintzailea izan da, arreba ere bai, eta lehengusu batek ere hala ikasi zuen”. Oraindik ere gogoratzen du nola haur bat izanda amari laguntzen zion etxean zuen ileapaindegian: “txikitan, zutik mantentzen nintzenetik, ruloak kentzen egoten nintzen bertako bezeroei eta nire panpinekin ere ari-tzen nintzen probak egiten... panpina guztiek ilea erreta edo moztuta dute”, kontatu du barre artean. Ruanok, 1994. urtean zabaldu zuen bere lehenengo ileapaindegia. Kale Nagusian zegoen kokatuta eta bertan izan zen hiru urtez. Ondoren, aldatu egin zen Araba kalekora eta ordutik bertan dago ileapaindegia.
Orain dela egun gutxi, baina, errekonozimendua iritsi zaio ordiziarrari. The Q Hair ziurtagiria eskuratu berri du, eta Gipuzkoan lortzen duen lehen ileapaindegia da berea. Hala ere, Q kalitatezko saria ez da kontzeptu berria. Esparru ezberdinetan zabaltzen joan da, eta orain ileapaindegietan dagoen kalitatea neurtzeko sistema ere bada. “Gestioa, formakuntza, tratua? hainbat alor izaten dituzte kontuan”, adierazi du Ruanok.
Oso pozik hartu zuen albistea ordiziarrak. “Prozesua luzea izan da eta erantzunaren zain nengoen. Posta elektroniko bidez iritsi zitzaidan eta sorpresa izan zen”. Ruanok, lehenengo, kontsulta egin zuen prozesuaren berri izateko: Nola egiten zen, zeinek baloratzen zuen? hasieran autoebaluazio bat bete behar da: “Urte hauetan zein hobekuntza eta berrikuntza egin ditugun, gure kasa egiten ditugun gauza berriak edo konpetentziari begiratzen diogun, formakuntza zenbatekoa izaten den?”. Txosten hori bete eta haiei bidali zien; ondoren, dei bidez zehaztu zituzten puntu guztiak. Amaitzeko komite batek ebaluatzen du ea The Q Hair ziurtagiria jasoko duen edo ez: “Eskema moduan iritsi zen emaitza, puntu bakoitzaren inguruko puntuazioarekin. 45 puntutik aurrera Q-a lor daiteke, eta 77tik aurrera izarra ematen dute, Michelin izarren modukoa. Gu 70.ean gelditu gara, mugan. Hobetzeko asmoarekin, ea lortzen dugun izar hori”.
metxoi solidarioak Ileak pertsonengan duen garrantzia ”handia” dela esan du, eta horregatik, ilea galtzen dutenek, askotan gaixotasunen bat dela tarteko, harengana jo-tzen dute ileordeak lortzerako orduan. “Gaur egun ileordeak osagai bat gehiago izan daitezke. Badago jendea, behar handirik gabe ere erabiltzen duena, azkenean beti orraztuta duzu ilea”, agertu du Ruanok. “Garai bateko tradizioa” bueltatzen ari dela ere nabarmendu du.
Zaintza alor garrantzitsua da kasu honetan. Normalean, ileordea erabiltzen dutenek hura orraztera bi hilabetez behin joan ohi dira ileapaindegira. “Ondo zainduz gero bizitza guztirako balio dezake”. Hala ere, etxean ere zaindu daiteke: “nik etxean zain-tzen dut, eta dagoeneko bost urte daramatzat ileordearekin, azaldu du batek. Gainera, ilea luzea izanez gero, donatu ere egin daiteke: “geroz eta gehiago dira ilea donatzen dutenak. Ile hori ileordea egiteko erabiltzen da, eta asko eskertzen da halako borondatea izatea jendeak”, gaineratu du.