Síguenos en redes sociales:

Mozorro eguna ospatuko dute gaur Beasainen

Horrez gain, goizean elkarteen arteko sukaldaritza txapelketa egingo dute

Mozorro eguna ospatuko dute gaur Beasainen

beasain - Imajinazioa izango da gaur protagonista nagusia Beasainen. Hainbat aste mozorroa prestatzen pasa ondoren, egun osoan zehar beasaindarrak mozorrotuta ikusteko aukera izango dute gerturatzen direnek. Askok sekretu moduan gordeta izaten dute, eta Beasaingo kaleetara atera arte ez dute esaten zertaz joango diren. Gustu guztiko trajeak ikusteko aukera egongo da, baina, 17.30ean, txosna gunean erabakiko da zein lagun talderena den aurtengo disfraz hoberena.

Goizean, elkarteen arteko sukaldaritza lehiaketa izango da, Xake elkarteak antolatuta. Aurtengoan, parte-hartzaileek piper beteak txekor isatsarekin eta txerri hankak saltsa espainiarrarekin prestatu beharko dituzte. Horrelako lehiaketa gastronomikoan eragin handia izan dezake noiz dastatzen diren platerak, hoztu egin daitez- keelako. Hori ekiditeko, aurtengoan elkarte bakoitzak ordutegi bat izango du eta hala azaldu zuen Xabier Matarranz zinegotziak aurtengo Loinatz jaien aurkezpenean: “Sukaldatzen hasi aurretik elkarte bakoitzari platera aurkeztu beharreko ordutegia ezarriko zaio. Horrela, epaimahaia 12.30ean hasten denean platerak dastatzen, guztiak beroak egongo dira”.

Gastronomiaz gain, kirolak ere izango du lekua. 10.00etan abiatuko dira Nafarroa etorbidetik 23 urtez azpiko txirrindulariak LXVII. Loinatz txirrindularitza elkarteak antolatutako lehendakari txapelketako ibilbidea osatzeko asmoz. Iluntzean, berriz, Drindots talde ezagunak kontzertua eskainiko du Bideluze plazan, eta txosnetan honako hauek egongo dira: Against You, Nitrako, Yakovlev 42 eta Dj Pandub Selektah.

udalaren oharrak Gaur gazte kuadrilla askok haimak jartzen dituzte, eta bertan egoten dira musika jarrita. Beasaingo Udalak gazte horiei jakinarazi die Zaldizurretako goiko eta beheko plazan ezingo direla haimak edo antzeko tresneria utzi. Izan ere, gaurko festa amaitu ostean, bestela, tresneria kalean gelditzen da eta hori ekidin nahi du Udalak. Horregatik, plataformak erabiltzen badituzte horretarako jarriko diren edukiontzietan jasotzeko edo norberak eramateko eskatu dute.

Bestalde, kalean musika egoten da, kuadrilla bakoitzak berea jartzen du eta. Inguruko bizilagunak errespetatzeko, “musika ekipoen bolumena goizeko 2.00ak alderako jaistea eta kontrolatzea” eskatu dute.