beasain - Aizkolari onenak berriz ere mailarik hoberena erakutsiko dute bihar Beasainen egingo duten ikuskizunean, iaz egin zen moduan. Udalak herri kirolen aldeko apustua egin du beste behin eta maila goreneko aizkolarien lehia eramango du herrira. Eusko Label binakako aizkolari txapelketa eta harrijasotzaileen promozioko txapelketa jokatuko dira. Arratsaldean hasiko da ikuskizuna 19.00etan, Antzitzar kirolegian, eta Euskal Telebistak saioa grabatu egingo duela ere jakinarazi dute.
Eusko Label Urrezko Aizkolarien Binakako Txapelketaren finalerdietan postu bat lortzeko azken ekitaldia izango da gaurkoan Antzizar kiroldegian jokatuko dena. Halaxe adierazi du Luis Mari Bengoa, Egur Sport SL elkarteko antolatzaileak: “Lehia bizia izango da eta azken ekitaldi honetan, gainera, aurrera egingo duten bikoteak erabakiko dira”. Beraz, txapelketa “zeharo estu” dagoela nabarmendu du. Gainera, Bengoak azaldu du gaur Beasainen jokatuko den lehiarako bikote bakoitzak haren egur loteak eramango dituela ondoren txapelketan ebakitzeko eta hori “oso adierazgarria” dela argitu du.
Ekitaldiaren aurkezpenean, Bengoarekin batera Beasaingo alkatea den Aitor Aldasoro eta Gerardo Bengoa ordezkariak izan dira. “Iazko esperientziaren ondoren, kiroldegia jendez bete zen, Beasainera berriro maila goreneko aizkolariak ekartzeko aukera izanda ez dugu bi aldiz pentsatu” aipatu du Aitor Aldasorok. Gainera, Loinazko San Martin egunaren ospakizunari lotuko zaio ekitaldi hau, larunbatean egingo den lehen azoka bereziarekin, eta alkatearen hi-tzetan “horrek asteburua borobiltzeko balioko digu, jendea Beasainera erakartzeko”.
24 enbor, 5 modu Ekitaldiaren antolatzaileek aipatu dute aizkolarien lana 24 enbor bost modu desberdinetan moztea izango dela. Xabier Orbegozo Arria V. errezildarra eta Joseba Otaegi zizurkildarra, Jon Irazu zizurkildarra eta Patxi Mindegia zubietarraren aurka lehiatuko dira zuzenean finalerdietara nor pasako den jakiteko. Lehia bizia eta norgehiagoka handia izango dela espero da horien arteko proban.
Horrez gain, jaialdia osatzeko promozioko harrijasotzaileen txapelketa ere egongo da. Bertan Ur-tzi Telleria II. urnietarra eta Iñigo Eizagirre zarauztarra izango dira lehian. Azken hauen kasuan, erabiliko dituzten harriak kiloko koadroa eta zilindroa, 113ko kubikoa eta 100 kiloko bola izango dira.