Síguenos en redes sociales:

Urrezko ideiak altxor bihurtuta

Sabino Auzmendi ataundarrak bere bizitzan zehar idatzitako bertso-paperekin bilduma atera du Atauniker elkarteak. 800 bertsotik gora aurki daitezke bertan.

Adinak ematen du bizitzaren inguruan bestelako ikuspegi bat. Dela esperientzia, dela bizitako guztia. Zahartzen goazen heinean, baina, askotan, memoriak ihes egiten digu eta gauzak ahazten joaten zaizkigu. Beti ez da adin kontua izaten, noski, baina geroz eta zaharrago orduan eta ohikoagoa izan daiteke. Ez da ez, Sabino Auzmendi Arratibel ataundarraren kasua. 90 urte beteta ditu, baina oraindik ere oroitzen da gaztaroan kantatu izan zituen bertsoez, baita zerbait anekdotikoa gertatutakoan burutik pasatu zaiona, edo bere kintoa zen Lazkao Txiki bertsolariari zuzendutako bertso sortaz. Edonor aho bete hortz uzteko abilezia du Auzmendik. Bizitzako denbora are eta azkarrago pasatzen dela dirudienean, han agertzen da patxadaz haren bizipenak hasieratik amaierara oroituz, detaile txikienak ere gogoan izanik.

Orain dela zazpi urte inguru hasi zen Atauniker Ataungo kultura elkartea Auzmendiren lanak bildu eta zerbait egiteko ideiari bueltaka. “Azkenean, luzatu egiten da. Hasi, utzi... baina listo, kalean da jada”, adierazi du Jexux Aizpurua taldeko kideak. Noski, jendartean zabalduta zegoen horretan lanean zebiltzala, eta behin edo behin liburu horren inguruan galdetu diotela aitortzen du Auzmendik barre artean: “Nik esaten nien krisian geundela eta pazientzia izateko, aterako zela”. Orain, Ataungo estankoan eros daiteke hamar euroren truke. Dagoeneko eskariak dituzte, eta horren arabera aterako dituzte aleak. Guztira, 800 bat bertso inguru bildu dituzte liburuan, eta ez dela kontu erraza izan azaldu du Aizpuruak. “Gai bakoitzetik batzuk hartzen saiatu gara, baina horrez gain, haren biografia eta galdera batzuk ere badaude liburuan”.

Sabino Auzmendiri betidanik gustatu izan zaio bertsoak sortzea eta kantuan aritzea. Ataungo San Martin auzoan jaioa da Urdangarintxiki baserrian. Aita jaiotetxe berekoa zuen, eta ama, berriz, San Gregorioko Larruntza baserrikoa. Hamar senidetan seigarrena, hamasei urterekin hasi zen CAF lantegian lanean. Gogoan du oraindik ere lehenengo bertsoa nori zuzendua izan zen: Ataungo udaletxean zeuden mahai batzuei. Etxera iritsitakoan Segura Irratia piztu zuen eta esan omen zuten Ataunen Udaletxeko arkupetan lagun batzuk mahai bati kateekin lotuta zeudela. “Emazteari esan nion: zenbaitek egingo lukete bertso bat gai honen inguruan... eta papera eta boligrafoa hartu eta idazten hasi nintzen. Zortzi moldatu nituen”. Dirudienez, Juan San Martin hona etorri zen eta ikusi zuen mahai horiek balio handikoak zirela eta hotsa zabaldu zen eraman behar zituztela. “Protesta moduan gazte batzuk lotu ziren. Ondoren, eraberritu egin ziren eta egun bertan jarraitzen dute”, zehaztu du Aizpuruak.

Ordutik hona milaka bertso-paper idatziak ditu. Hala ere, bere sorterriko baserrian dagoen iturria du kuttunena. “Aizkorriri, Txindokiri, moxal jaioberri bati, txintxarriaren hotsari, nire garaiko arbola bat... baino bertsoak egiteko leku kuttuna Urdangarineko iturria nuen”, dio. Bertan Auzmendik idatzitako bertsoa dago jarria.

Nahiz eta betidanik gustatu izan zaion, jubilatu ondoren hasi zen batez ere bere zaletasunari bide ematen, idazten. Ez du gai konkretu bat behar haren inguruan bertsoak josteko buruan. “Gogoan dut behin Donostian nengoela bilobekin eta olatu batek emakume bat goitik behera busti zuela. Barre egin genuen biloba eta biok, eta pentsatu nuen, honek bertsoa merezi du ba! Eta halaxe, momentuan bota nion. Ilobak ez zuen asko ulertzen baina tira”, gogoratu du.

bizitzako bidea “Orain eman diot liburuxkari errepaso bat eta bertsoak uste baino hobeto daudela iruditu zait. Nik ez nuen eskolarik hartu eta ba-tzuetan ez dakit letra bat bestearen atzetik edo aurretik doan”, nabarmendu du ataundarrak. Gerra etorri zenean bederatzi bat urte egiteko zegoen, eta irakurtzen Lazkaomendiko apaizarekin ikasi zela dio, hark doktrina euskaraz ematen zuelako atsedenaldian. Eta argitaratzerako orduan testuak bere horretan mantendu dituzte, garaiko hizkerarekin, eta akatsen bat badago ere ez dute zuzendu, Auzmendik idatzi ahala gordetzeko.

“Nik niretzako idazten nuen”. Baina ez idatzi bakarrik. Izan ere, egindako bertsoak ondoren memorizatu egiten ditu Auzmendik. Jubilatu ostean irteerak eta egiten dituzte Nafarroara, Bizkaira... eta, halako batean, egun batean Urkiolan izan ziren. Itzulerakoan, irteerara joan zirenak bertsoa nahi zuten eta Auzmendiri eskatu zioten kantatzeko. “Bertsoak kantatzen hasi nintzen Gasteiz inguruan eta Kaxetanen, Ataunen, amaitu nuen”, azaldu du. Kantatu zituen bertso guztiak berak egindakoak ziren eta ez zuen bakar bat ere irakurri. Badu, istorioak alde anekdotikoa ere: “Ehunetik gora kantatuko nituen, eta orduan, etorri zi-tzaidan hemen lehen alkatea izandakoa Juan Auzmendi eta hura harrituta geldituta geratu zen. Honakoa esan zuen: “zenbat paper ekarri ditu honek horrenbeste bertso kanta-tzeko, ba!”. Gerturatu, eta ohartu zen ezetz, ez zuela paperik, urrezko memoria bat baizik.