Zarautz - Badator Euskal Jai eguna. Egun horretan goiz goizetik adin guztietako jendea ikus daiteke kalean, baita alkohola kontsumitzen duten gaztetxoak ere. Hori dela eta, Zarauzko Udalak arriskuen murrizketarako prebentzio ekintza bat jarri du martxan eta indarkeria sexista ekiditeko sentsibilizazio kanpaina bat ere bultzatuko dute, Miren Letamendiak, Prebentzioko zinegotziak, Gloria Vazquezek, Parekidetasun zinegotziak, Maite Garrastazuk, Udaltzaingoko zinegotziak, eta Ai Laket!! elkarteko Ricardo Caparrosek atzo goizean egindako prentsaurrekoan adierazi zutenez.
Hala, Euskal Jaietan kalean alkohola edaten ari diren gazteei zuzendutako prebentzio esku-hartzea egingo dute Ai Laket!! elkarteko zortzi langilek, 11.00 etatik 18.00etara. “Jai horretan goizean hasi eta egun guztian zehar alkohol kontsumo handiak egiten dira, eta herriko eta inguruetako nerabe asko etortzen dira; beraz, alkoholaren erabilerak sor ditzakeen arriskuak gutxitzeko programa bideratzea erabaki dugu”, adierazi zuen Miren Letamendia zinegotziak. Programa ibiltaria izango da eta beraiek gerturatuko dira gazteak dauden inguruetara prebentzio lan hau egitera. Hala, ura, janaria, basura poltsak, preserbatiboak eta foileto informatiboak banatuko dituzte eta informazioa eta aholkuak ere emango dituzte, besteak beste. Bestalde, Beldur Barik kanpainaren baitan, indarkeria sexistaren preben-tzioa lantzeko ekimena garatuko da eta begiraleek Beldur Barikeko pegatinak banatuko dituzte. - A.R.